Bordeleko Akademiak ez dau Seaskaren eskaria onartu
2021-06-29 09:31 Euskerea berbagaiBeste kolpe bat da euskeraz ikasten dabizan ikasleentzat, zientzia azterketea ezin dabelako euskeraz egin.
Seaskan euskerazko murgiltze eredua baimendu eta gero, Kontseilu Konstituzionalak aldatu egin eban bere ebatzia, eta zalantzan jarri eban irakaskuntza-eredu hori sare publiko zein pribaduan. Ohar baten bidez, Seaskak adierazo dau kolpe latza izan dala eta haserre sentimendu bategaz dagozala harrezkero.
Kontua da ze, ikasturte amaierako azterketa ofizialak egiteko momentu honetan, beste kolpe bat etorri jakola Seaskari. Izan be, ikasle batzuek brebeta euskera hutsean egin nahi izan daben arren, Bordeleko Akademiako Errektoreak horretarako aukerea ukatu deutse gutun baten. Atzo eta gaur dira azterketak.
2016an hezkuntza arloko araudia aldatu ebenetik, urtero arazoak ditue Seaskako ikasleek brebeta euskeraz egiteko. Aurreko urte batzuetan itzultzaileen bidez lortu dabe arazoa gainditzea, baina beti ez da urtenbide aproposik izan. Frantziako Lehen Ministroaren berbak entzunda, auzia konpontzeko gogoa agertuz, Seaskak gutuna bialdu eutsan Bordeleko Akademiako Errektoreari, seinale bat eskatzeko; hau da, zientzia azterketea euskeraz egin ahal izateko erraztasunak ipinteko.
Baina egunotan heldu da Errektorearen erantzuna, eta ezezkoa emon deutse Seaskaren eskariei. Aurretik zehaztuta dagozan ikasgai gitxi batzuetan izan ezik, ganerakoetan ezinbestean frantsesez idatzi behar dala dino.
Hain zuzen be, zientzia azterketea euskeraz egiteko prest izan dira Seaskako 220 ikasle, sekula baino gehiago. Seaskak babesa adierazo deutse azterketa hori euskeraz egiteko erabagia hartzen daben ikasleei, egoera honetan desobedientzia zilegi dala deritxo eta. Antzeko ekintza baten, bagilaren 17an, 40 ikaslek filosofia ikasgaiko notea hobetzeko azterketea euskeraz egin eben.
Zoritxarrez, Ministerioaren erabagiek ez deusku beste aukerarik ixten bere inposaketei desobedientzia adierazotea baino, dino Seaskak. Garagarrilaren 1ean Donapaleun (18:00) egingo dan manifestazinorako deia egin deutse irakasle, familia, behargin eta herritar guztiei.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!