Uribe Kostan euskerea indartzeko estrategia barria martxan
2021-06-28 08:05 Euskerea berbagaiEragile sozialen eta instituzinoen arteko alkarlana bultzatuta, euskerearen komunidadea sortu nahi dabe.
Hurrengo urteetan Uribe Kostan euskereak izango dituan erronkak, helburuak eta horreek beteteko ekintzak batu ditue Uribe Kostan Euskerea Sustatzeko Estrategia 2021 izeneko dokumentu-markoan. Sopelan egin dabe estrategia barria aurkezteko ekitaldia, euskalgintzako eta erakunde publikoetako ordezkariak bertan dirala.
Besteak beste, agerraldian izan dira Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadu Lorea Bilbao eta Uribe Kostako Zerbitzuen Mankomunidadeko presidente Josu Landaluze.
Orain arte eskualdean euskerearen ezagutzea eta erabilerea bultzatzeko egin izan dana berrikusi ez eze, sasoi barrietara egokitzeko estrategiak pentsetea be beharrezkoa izan dala uste dau Landaluzek. Euskerearen doinua gero eta ozenago entzun nahi dogu geure kaleetan, herriko plazetan, kostaldeko mendi eta hondartza eder honeetan. Horretarako, adostasunean oinarritutako bultzada barria emon nahi deutsagu, modu eregitzailean planteau dogu estrategia barria.
Uribe Kostan euskerearen ezagutzea eta erabilerea indartzeko helburu nagusia gogoan, hainbat oinarri ezarri ditue estrategian:
- Dinamika integrala, Mankomunidadeko udalerri guztiak kontuan hartuko dituana, herri guztietako euskera zerbitzuak koordinauta.
- Euskerearen komunidadea sortzea, euskaltzaleen eta euskeraz bizi nahi dabenen artekoa, alkarren arteko hartu-emonak sendotu eta informazinoa zabalduz.
- Eragile sozialen eta politikoen arteko alkarlana; euskalgintzako eragileak ezinbestekoak dira, baita udal guztietan euskera plan eraginkorrak be.
- Edade eta sektore guztien inplikazinoa, eta, beraz, guztientzako moduko jarduerak; ariguneak eta euskerazko eskaintzea indartuko ditue.
- Komunikazino plan barria, Uribe Kostan Euskaraz Blai! izenekoa.
Azken puntu horretan aitatzen dan komunikazino plan edo kanpainea zelakoa izango dan zehaztu dabe Sopelako agerraldian. Marka barria izango danez, irudi barria be diseinau dabe, koloretsua, herritar guztiak euskerearen inguruko mobimentura erakarteko.
Hurrengo hileotan, Uribe Kostako Mankomunidadeko euskera zerbitzua eskualdeko eragile guztiakaz batuko da, estrategia barriaren oinarriak azaltzeko, eta euskaltzaleen sare barriaren parte izan daitezan konbitea egiteko.
Batzar horreetan, Uribe Kostan Euskaraz Blai! kanpainearen barri emongo jake eragile guztiei, eta antolatzen diran jarduera guztietan parte hartu zein beste ekintza batzuk proponidu leikiezela esango jake. Busti zaitez eta osotu daigun alkarregaz euskerearen ozeanoa!, horixe alkarte, enpresa eta herritar guztiei emongo deutsen mezua.
Uribe Kostako Zerbitzuen Mankomunidadean Barrika, Berango, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urduliz udalerriak dagoz. 1997tik martxan dabil eskualdeko euskera zerbitzua, euskerearen normalizazinoa bultzatzeko. Aurrerapausuak egin diran arren, hutsuneak igarri ditue antolakuntzan, egituraketan eta komunikazinoan, baina orain aurkeztutako estrategia barriari esker horreek arazoak konpontzea espero dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!