Urmugak 17 kontzertu dakarz

Bizkaie! 2021-06-25 13:35   Musikea

Ruper Ordorika, Olatz Salvador, Niko Etxart, Donostiako Orfeoia... dagoz egitarauan.

Musikari eta kulturgile ugarik hartu dabe parte aurkezpenean (argazkia: Urmuga) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Herriko urak banatzen dituan lerroan zehar egingo dabe Urmugaren bigarren edizinoa, garagarrilaren 13tik 31ra, mendizaletasuna, musikea eta euskerea buztartzeko asmoz. Antolatzaileek egitarauaren barri emon dabe, eta igazko moduan, aurten be goi mailako musikariek girotuko dabe ibilaldia, formatu handi zein txikiko kontzertuetan.

Eguneko zatia ibili eta gero, euskal mendietako paraje ikusgarrietan egingo ditue kontzertuak, ibiltarien gozamenerako. 19 egunez 385 kilometro egingo ditue, Euskal Herriaren alde batetik bestera, eta bitarte horretan 17 kontzertu dagoz antolatuta. 

Emonaldi bakotxean artista ugarik hartuko dabe parte, estilo eta jokerak nahastauta. Esate baterako, lehenengo kontzertuan, garagarrilaren 13koan, Mixel Etxekopar, Donostiako Orfeoia eta François Rossé entzun ahal izango doguz, Noemi Vianaren jantzeak lagunduta. Tologorri mendiaren gerizpean izango da.

Hurrengo egunetan, euskal musikearen beteranoak eta indartsu datozan gazteak buztartuko ditue egitarauan. Ruper Ordorika, Maddi Oihenart, Niko Etxart, Maider Zabalegi, Petti, Anari eta abar dagoz lehenengo moltsoan. Gazteen artean, Olatz Salvador, Idoia Asurmendi, Chill Mafia eta beste asko nabarmendu leitekez.

Egitarau osoa hemen

Egitaraua aurkezteko ekitaldian, Miguel Zeberio antolatzaile eta Et Incarnatus Orkestrako zuzendariak Urmugaren alderdi humanoa azpimarratu, eta herri txikietan auzolanean laguntzeko topau daben gogoa txalotu dau. Pandemia honek erakutsi deusku horrelako ekimen bat beharrezkoa zala Euskal Herrian.

Begoña de Ibarrak, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendariak, deia egin dau Urmugan parte hartzeko eta musikarik onenaz gozeteteko, natureak inguratuta: Kulturea herri baten nortasuna dan heinean, guztiok konbidetan zaituet Urmugaz gozetera.

Maider Zabalegi musikari eta abeslariak bigarrenez hartuko dau parte Urmugako kontzertuetan. Nik pasino bi dodaz, musikea eta mendia, eta biak buztartzen dituan ekimen baten parte hartzea amesa izan zan niretzat aurreko urtean. Aurten konbidau nautenean zuzenean animau naz.

Kauta taldearen doinuak be helduko dira natureak inguratutako oholtzara, Urmugari esker. Mendia musikarientzat berezia da, inspirazino bila joten dogu bertara eta zorretan gaude natureagaz, azaldu dau Kautako kide Mikel Morenok. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu