Diskoa kaleratu dau Aldapeko Basque Latin Jazzek
2021-06-25 09:16 MusikeaEuskal doinuei itxura barria emon deutse zortzikoteak.
2019an sortutako Aldapeko Basque Latin Jazz proiektuak proposamen interesgarria dakar musikazaleentzat, euskal doinuak eta erritmo latinoak buztartzen dituan Iri barrenetik diskoa. Errabal Jazz etxearen eskutik argitaratu dau lehenengo diskoa zortzikoteak.
Rotterdamen sortu eban Imanol Iribarrenek Aldapeko Basque Latin Jazz, han egiten ebilen masterra amaitzeko lanaren barruan. Herbehereetan alkartutako taldekideak eta gerora batutakoak kontuan hartuta, zortzi musikari ibili dira Iri barrenetik diskoa grabetan: Patricia Mancheño, Manu Pinzon, Eva Catala, Peio Irigoien, Asier Ardaiz, Alvaro Jarauta, Iñigo Corao eta Imanol Iribarren bera.
Kontzertu batzuk jo izan ditu taldeak, baina disko barriagaz martxea hartzea da asmoa. Euren proposamena argi eta garbi erakusten dau diskoak: euskal musika tradizionala eta erritmo latinoak bat eginda. Hau da, pieza guztien oinarrian euskal kantu ezagun bat dago, baina Aldapeko Basque Latin Jazzeko musikariek berrinterpretau egin ditue, runba, jazz, bolero eta halakoetara egokituta.
Bitxia bada be, hasierako abestia Agurra da. Tolosako Inauterietako, Lekeitioko Kaxarrankako eta San Juan eguneko doinuak egokitu ditue, baita euskal kantutegiko Aldapeko, Polonesa eta beste batzuk be. Latin jazz eran jenteak gustura entzungo ditualakoan dagoz taldekideak.
Victor Sanchez teknikariagaz grabau eben diskoa, Donostian, egun bian. Ikutu naturalagoa emoteko, musikari guztiek alkarregaz jo zituen piezak, bakotxak bere aldetik grabau beharrean. Ostean be, gitxi editau ditue. Danetara, sei kantu dakarz diskoak.
Zuzeneko emonaldi batzuk lotuta ditue hurrengo asteetarako. Abuztuan Donostian eta Zumaian joko dau Aldapeko Basque Latin Jazzek, eta Valentzia aldean be emonaldiak daukaz iragarrita.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!