'Cecilia Bengolea: Ur-animazioak' erakusketea Bilboko Guggenheim Museoan
2021-06-24 13:15 KultureaBagilaren 24tik urriaren 24ra egongo da edegita.
Danza del rayo (Lightning Dance), 2018
© Cecilia Bengolea
Guggenheim Bilbao Museoak Cecilia Bengolea: Ur-animazioak aurkeztu dau, 2021eko bigarren erakusketea Film & Video aretoan. Museoak areto honetan erakusten ditu bideo-artean, zinema-instalazinoan eta mobimentuan irudia jorratzen daben hizkuntza artistikoetan oinarrizkoak diran piezak.
Erakusketa honek Cecilia Bengolearen (Buenos Aires, 1979) hiru obra barri batzen ditu. Diziplina askotan nabarmendutako artistea da, bere jardunean bideoa, koreografia eta eskulturea buztartzen dituana. Uraren mobimentuari jarraituz, Bengoleak jantzeari buruz hausnartzen dau Bengoleak (gorputzaren barrualdearen eta ha inguratzen dauenaren arteko olgeta sensorialari buruz), baita komunidade sozialen eta naturearen arteko hartu-emon erritmikoei buruz be, koreografiaren bidez adierazoten baitira.
Ur-animazinoak erakusketeak hiru pieza batzen ditu eta hirurek argi adierazoten dabe artisteak bideo-eskultureari eskaintzen deutsen ikuspegi berezia, izan be, erakusketa-espazioan askatasunez dabizan eragile gorpuzdunak balira legez ulertzen ditu mobimentudun irudiak. Erakusketearen izenburuak animazinoa aitatzen dau eta kontzeptu anbiguo horrek filmetako personaien mobimentu naturalari egiten deutso erreferentzia, baita antxinako idea bati be: artifiziala danari bizia emotea, bizibakoa dana energiaz hornidutea. Bengolearen lanean, arima —gorputz baten espiritu edo bizi-hats lez ulertua— estu-estu lotuta dago organismo bizidunek energia elektrikoaren eroale lez daben ahalmenagaz; musikea, barriz, animazinoaren indar kutsakorra da.
Eraldatzeko, mutatzeko eta beste batzuk imitetako daben kapazidade agorrezina dala-eta, uragaz eta elementu horren plastikotasun amaibakoakaz identifiketan dira izaki bizidunak.
Komisarioa: Manuel Cirauqui.
Cecilia Bengolea (1979, Buenos Aires)
Parisen bizi da azken 20 urteotan. Filosofia eta Artearen Historia ikasi ondoren, koreografia aztertzen eta diziplina hori bideoagaz eta eskultureagaz buztartzen hasi zan. Haren ikerketa-lanean, herri-jantzearen zenbait adierazpide aztertu eta elementu garaikideakaz eta arkaikoakaz lotzen ditu, eten barik figurazino kontzeptuaren inguruko definizinoak sortuz.
Diziplina anitzeko eta alkarlanean oinarritutako obra honetan, Bengoleak dancehall-eko figura ospetsuakaz egin eban lan (Craig Black Eagle, Bombom DHQ eta Damion BG), baita artista garaikide ezagunakaz be (Dominique Gonzalez-Foerster eta Jeremy Deller). Haren Pâquerette (2005-08) eta Silfideak (Sylphides, 2009) obrek, François Chaignaud koreografo frantsesagaz batera, sari inportanteak jaso ditue, Parisko Kritikearen Saria 2010ean eta Gwangjuko Bienaleko Artista Gazteentzako Saria 2014an. Bengolearen bideoinstalazinoak eta performanceak hainbat erakunde ospetsutan egon dira ikusgai, besteak beste, Lyongo Bienalean; Londreseko Tate Modern-en; New Yorkeko Dia Art Foundation-en; São Pauloko Bienalean; Dhaka Art Summit-en; Parisko Centre Pompidou-n; Kaliforniako DesertX-en; New Yorkeko Performa-n; Los Angeleseko Mistake Room-en eta Parisko Fondation Giacometti-n.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!