Gure Artea Sariak, Dario Urzay, Damaris Pan eta Peio Aguirrerentzat

Bizkaie! 2021-06-24 12:45   Kulturea

Arte plastikoen arloko autortza nagusia da Euskal Autonomi Erkidegoan.

Erakundeetako eta epaimahaiko ordezkariak, hiru sarituakaz (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 2021eko Gure Artea Sarietako irabazleen barri emon dau, Bilboko Arte Eder Museoan egindako ekitaldian. Dario Urzay, Damaris Pan eta Peio Aguirre saritu ditue aurtengo deialdian, Bingen Zupiria sailburuak azaldu dauenez. 

Arte plastikoen eta ikusizkoen arloan, Euskal Autonomia Erkidegoan emoten diran saririk garrantzitsuenak dira, Jaurlaritzeak nabarmendu dauenez, eta momentuan momentuko euskal sorkuntzearen ordezkari esanguratsuenek jasoten ditue, urtero. 

Irabazle bakotxari 18.000 euro emongo deutsez. Udagoienean egingo dabe sariak banatzeko ekitaldi instituzionala, politikearen eta kulturearen ordezkari gorenak bertan dirala. 

2021eko edizinoan, Pello Irazu artistea izan da epaimahaiaren buru. Beragaz batera epaile izan dira Alicia Fernandez, Ion Munduate, Mikel Onaindia eta Jone Alaitz Uriarte. Hauxe da euren ebazpenean azaldu dabena:

- Ibilbide artistikoa autortzeko saria, Dario Urzay. Lau hamarkada baino gehiagoko ibilbide artistikoa egin dau bilbotarrak, beti sorkuntzeagaz konprometiduta. Bakarkako zein taldeko erakusketa ugaritan ikusi doguz Urzayren obrak, batzuk nazinoartean. 

Epaimahaiaren ustez, Urzayk azaleren plastikea eta horretarako teknikak ikertzen ditu, inprimaketa fotografikoak, erretxinak eta bernizak baliatuz, pinturea esploretan dau, mikrotik hasi eta makroraino, biologikotik geologikoraino, irudiaren eta prozedurearen arteko interakzinoaren problematikeari jarraipena emonez, ikuslearen begirada inoiz be ahaztu barik.

- Sorkuntza-lanak autortzeko saria, Damaris Pan. Euskal artean azken urteotan loratu dan pinturearen berbizkundearen ordezkari nagusietako bat da mallabiarra. Pinturearen autonomia aldarrikatzeko bidean, bilakaera aberatsa izan dau Panek azkenaldion. Produkzino artistikoa eta irakaskuntzea buztartzen ditu.

Epaimahaiak dinoanez, Panen obrea pausatua da, planoak eta koloreak gainjarteagaitik berezia, eta umoretsua, itxurazko presentzia biluziaren atzean konplexutasuna gordez. Inspirazinoa eguneroko bizitzan topetan dau eta forma geometriko indartsuz, ingeradez eta giza gorputzeko zatikiz osotutako natura hiletan zein erretratuetan lan egiten dau. Iges egiten deutso errepresentazino-asmoari, errealidade barrien bila, lehengaien artean, formak, koloreak, prozesuak eta barne-eraketak daukazala

- Agenteek egindako lana autortzeko saria, Peio Aguirre. Idazlea, arte-kritikaria, editorea eta erakusketen koordinatzailea da Aguirre elorrioarra, artearen eta sorkuntzearen gaur egungo eragile nagusietako bat. Plataforma eta proiektu ugariren bidez, artearen ikerketan eta zabalkundean parte hartu dau.

Epaimahaiaren arabera, euskal artisten sarea sortzen lagundu dau Aguirrek. Diskurso kritiko garaikideei buruzko interesa agertu dau eta, bere begiradearen bidez, hurreko jarduerak eta egungo praktika artistikoen mundu zabalean jazoten dana buztartu ditu. Lan kritikoa eta bitartekariarena egin ditu, eta aukerea emon deutse bere belaunaldiko eta geroko euskal artista ugariri esperientzia eta hartu-emon barriak izateko; ondorioz, bere gogoetek eta ekarpenek belaunaldi baten mapa edo memoria-balioa dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu