Rockein 2021 lehiaketan izena emoteko epea zabalik

Bizkaie! 2021-06-24 09:49   Musikea

Epaimahaiak aukeratuko ditu Basauriko finalean joko daben sei talde edo bakarlariak.

Cecilia Payne talde bizkaitarra, 2020ko finalean (argazkia: Rockein) | Ikusi handiago | Argazki originala

Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko musika lehiaketeak, Rockeinek, bederatzigarren edizinoa beteko dau aurten. Parte hartzeko interesa daben banda edo bakarlariek izena emon leikie dagoeneko, irailaren 30era arte. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako artistek hartu leikie parte (taldekideetako bat bertokoa izatea nahikoa da) eta sari ugari egongo dira jokoan.

Basauriko Udalak antolatzen dau Rockein, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz eta inguruko beste udal batzuk laguntzaile dirala: Arrigorriagakoa, Galdakaokoa eta Laudiokoa

Jasotako proposamen guztien artean, epaimahaiak sei finalista aukeratuko ditu. Horreek oholtzan jo ahal izango dabe, zemendiaren 27an Basauriko Social Antzokian egingo dan zuzeneko final handian. Egun horretan bertan ebatziko ditue kategoria bakotxeko irabazleak. 

Sari nagusiaren irabazleak gitxienez bost abestiko diskoa grabau ahal izango dau Bilboko El Tigre estudioetan, eta 500 kopia egingo dira CDan. Bideoklipa be grabauko dabe, baldintza profesionaletan. Era berean, Bizkaiko jaialdi handietako baten joteko lekua egingo deutse.

Eskualdeko bandarik onenaren kategoriako irabazleak be Bizkaiko jaialdi handi baten joko dau. Sari honetarako hautagai izateko, Basaurin, Arrigorriagan, Laudion edo Galdakaon erroldatuta egon beharko da taldekideetako bat gitxienez. 

Euskerazko talde edo bakarlaririk onenaren saria be emongo dabe 2021eko Rockeinen. Irabazleak kantu bat grabau edo produzidu ahal izango dau, eta Bizkaiko jaialdi handi baten parte hartu.

Azkenik, aurtengo edizinoan Eskarabillera saria emongo dabe lehenengoz, Publikoaren sariaren ordez. Emakumeen bandentzako kategoria da, eta irabazleak Bizkaiko jaialdi handi baten joko dau, beste saridunek legez. Taldeko kideen erdiak edo gehiago emakumeak izan behar dira sari honetan hautagai izateko, Rockeineko arduradunek zehaztu dabenez. 

Igaz Cecilia Payne hirukoteak irabazi eban sari nagusia, eta Addar izan zan euskerazko bandarik onena. 169 parte-hartzailek emon eben izena, sekula baino gehiagok, pandemiak nahi baino oztopo gehiago ipini zituan arren. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu