Eskubide-murrizketak salatzeko manifestazinoa, garagarrilaren 2an, Iruñean

Bizkaie! 2021-06-24 09:28   Euskerea berbagai

Euskeraz bizitearen alde, batuz. Eskubide murrizketarik ez! goiburupean egingo da.

Euskalgintzearen Kontseiluak, erakundea osotzen daben zenbait bazkidetako ordezkariakaz batera, agerraldia egin dau Iruñeako Katakrak Aretoan. Hain zuzen, garagarrilaren 2an, Iruñean atonduko dauen manifestazinoa iragarri dau: Euskeraz bizitearen alde, batuz. Eskubide murrizketarik ez! goiburupean, 18:30ean.

Agerraldian izan dira, besteak beste, AEK, IKA, Nafarroako Ikastolen Alkartea, Sortzen eta EHEko ordezkariak, bai eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria be.

Jarrera onartezina

Lehenik eta behin, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok gogora ekarri dau 2019ko urrian Nafarroako Justizia Auzitegiak administrazino publikoetan euskerearen erabilerea arautzen dauen 103/2017 Dekretuaren hainbat artikulu baliobakotzeko argitaratutako epaiaren inguruan egindako irakurketea, justiziari, bardintasunari eta kohesinoari uko egiten deutsen epaia izan zala nabarmenduz. Bide horretan, Kontseiluak Nafarroako Gobernuari eskaerea egin eutson: Justizia, kohesinoa eta bardintasuna ardatz dituan gizarte bat eregiteko pausuak emon eta ausardiaz, epaiari kasazino-helegitea jarteko epaiagaz bat egiten ez ebala erakusteko. Egun batzuk geroago eta gehiengo sindikalagaz batera, ehunka herritar batu zituan Kontseiluak Nafarroako Gobernuko jauregiaren aurrean eskaera hori berresteko eta Gobernuko ordezkariakaz be batu zan eskaera bera egiteko.

Bilbaok ondokoak adierazo dau: Ausardia eskatu geuntsan beste sasoi bateko hizkuntza-politika ilunetara ez buelteteako, epaiaren aurrean desadostasuna sendo agertzeko. Zoritxarrez, erantzuna bestelakoa izan zan eta albait arinen holako epaiak ebitetako dekretua onartuko ebela aurreratu eutsen ordezkariek Kontseiluari. Bilbaok azpimarratu nahi izan dauenez, 2019ko urritik gabiz berbetan». Horrexegatik, hain zuzen, Kontseiluak gaitzetsi egin eban Gobernuak helegitea ez jarteko hartu eban erabagia eta jarrera hori birpentsetako eskaerea egin eutsen Nafarroako Gobernuari, zuzen jokatzeko denoorea badagoalako, azaldu du.

Urte eta erdiren eta hainbat lan-deialdiren ostean, Kontseiluko eledunak gogor salatu dau dekretu barririk ez dala egon, honakoa izan da, beraz, Nafarroako Gobernuak landeialdiakaz aurrera eroandako politikea: euskarearen ezagutzea baztertu, derrigorrezkoa edota merezimendukoa, ehunka lanpostuetan: Azken hileotan honezkero ahaztuta geunkan hizkuntza-politika iluna aplikau dabe behin eta barriro lanpostu publikoei jagokenez, gaineratu dau Bilbaok.

Dekretu barriaren arriskuak

Bilbaok dekretu barriaren inguruan zabaltzen dagoan eztabaidearen aurrean kritiko agertu da: Sano arduratzen gaitu zelan dabizen kudeatzen dekretuaren gaia: lotsagarria da eragileoi dekretuari buruzko ezelako informaziorik bialdu ez izana baina, aldi berean, hedabideetan filtrazinoak behin eta barriro egitea. Bilbaoren eretxiz, argi dago, hizkuntza-eskubideak alderdikeriakaz nahastea dabela helburu.

Horregaz batera, bilguneko idazkari nagusiak dekretuaren eztabaidea parametro desegokietara eroan gura izatea salatu dau. Sinistarazo nahi deuskue dekretuaren korapiloa txikia dala, legeak ezarritako eremu ez euskaldunean euskerea ez baloretea edota alemana bezela balorau beharko dan ebaztea. Baina eztabaidea parametro egokietara eroan eta onartu behar dan dekretuak herritarren euskerearen erabilera erosoa bermatzeko balio dauen ala ez aztertu beharko da Bilbaoren berbetan: Dekretu integrala behar dogu, kontuan hartuta herritarrak diskriminetan dituan legea dala.

Hori guztia kontuan hartuta, herritarrei bajagoke desadostasuna kalean erakustea Kontseiluaren arabera. Orain urte bi bilgunea Gobernuari ausardia eskatzeko mobilizau zan, bai eta babesa eskaintzeko be. Orain hasarrea agertzeko eta herritar guztien eskubideen bermea ahalbidetuko dauen dekretua eskatzeko eta aldarrikatzeko be kalera urten beharra mahaigaineratu dau Kontseiluak.

Bilbaoren arabera, «momentuaren da eskubide murrizketak ahalbidetuko dituan dekretuaren kontra sendo agertzeko». Horretarako aukerea izango da, hain zuzen, garagarrilaren 2an, arratsaldeko 18:30ean Baluarteko plazan hasiko dan manifestazioan: Justiziaren, bardintasunaren eta kohesinoaren aldeko aldarria egitea da asmoa, esan dau Kontseiluko arduradunak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu