Sortzaileen txandea 'Pandemia sasoiko kulturgintzea' ikastaroan

Bizkaie! 2021-06-23 10:41   Kulturea

Kooperazinoaz, aldizkakotasunaz eta estetikaz egin dabe berba bigarren egunean.

Bigarren eguneko saioa (argazkiak: XDZ) | Ikusi handiago | Argazki originala

EHUren Udako Ikastaroen barruan antolatu dabe Pandemia sasoiko kulturgintzea: egoerea eta erronkak izeneko ikastaroa, Mintzola Ahozko Lantegiaren bultzadaz. Kursoaren bigarren eta azken egunean, kulturgintzan ezinbestekoak diran sortzaileek egin dabe berba, bakotxaren ikuspegitik euskal kultureak azkenaldion izan dituan aldaketak aztertu eta erantzunak emoteko asmoz. 

Eneritz Dueso musikaria (Eneritz Furyak izen artistikoagaz ezagunagoa), Manex Fuchs antzerkigilea eta Oihana Iguaran bertsolaria izan dira konbidaduak. Eurakaz batera agertu dira Xabier Gantzarain kultur eragilea eta Iñigo Astiz kazetaria. 

Azken horrek zabaldu dau bigarren eguneko egitaraua, eta azken mahai-inguruan be hartu dau parte. Kazetarientzat pandemiak zer ekarri eban kontau dau: Etxeratze aginduaren ondorioz, antzokiak jausi ziran eta pantailak gailendu; haren neurrira egokitu zan kulturea, azaldu dau Astizek. Bizirautea bihurtu zan debatearen erdigunea.

Antzeko egoera bat barriro jazoko balitz, kulturgintzea preparaduago egongo ete dan, horixe da zalantzea. Manex Fuchsen ustez, etorriko dira halako gehiago, baina kolpeei eusteko gaitasuna dogu. Kooperazinoaren idea horretan euskaldunok esperientzia nahiko sakona dogu. Besteak baino indartsuagoak izan barik, alkarlanak eusten deutso euskal kultureari, neurri baten. 

Bertoko kultura jasangarriaren alde egin dau Fuchsek: Lekukoa bertakoa nahi dau jenteak jateko. Ez litzateke gauza bera kulturan? Kolapso egoera baterako laborariak behar doguz; elikagaien burujaubetzea lez, ez ete genduke elekagaiena landu beharko?.

Pausuz pausu aurrera egitea da giltzarria, Eneritz Duesoren ustez, modu indibidualean zein kolektiboan ahalduntzen. Gizartearen eta administrazinoaren ulermena be eskatu dau, sortzaileen egoerea berezia dalako: Gure lanaren izakerea intermitentea da, baina arlo fiskalean ez da hori agertzen. Momentuan momentukoari urtenbidea bilatzeaz gan, arazo estrukturalei erantzuteko eskatu deutse Duesok agintariei, kulturgileen beharretara egokituta. 

Oihana Iguaranek eta Duesok berak, pandemian egin behar izan daben dobako lana be aitatu dabe, horrek dakarren galera emozional eta ekonomikoa kontuan ez dalako hartu. Saioak atzeratzeak eragina izan eban Iguaranen jardunean, 2020ko udan geldirik egotea pentsauta eukalako, ama izango zalako. Beraz, udabarriko saioak atzeratzea, berarentzat, ez egitea lakoa izan zan. Bertsozale Alkartearen babes eraginkorra nabarmendu dau.

Pandemiak agirian itxi dauen beste errealidade bat muga administratiboak izan dira. Euskal Herri osoan ibiltera ohituta egon diran sortzaileak, momentu batzuetan, muga jakin batzuen barruan geratzera behartu ditu araudiak. Mobilizazino moduak eten dira, herrigintzan batzeko guneak, ohartarazo dau Iguaranek. Xabier Gantzarain arduratuta agertu da hizkuntzeak berak be atzera egin duelako.

Horrenbeste ardura, morapilo eta gogoetaren artean, estetikea ez ahazteko aldarria be egin dau Gantzarainek: Badirudi sortu behar dogula beste helburu baterako: erreserba folkloriko baterako? Nik konpartiduten dodan horrek egiten dau komunidade bat; eta komunidadeko parte sentiduten zara estetikeak beteten zaituanean.

Gogoeta mamintsuak laga ditu, beraz, ikastaroaren aurtengo edizinoak. Datorren urtean gehiago, agindu dau Mintzolak. 

Ikastaroaren bigarren eguneko protagonistak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu