EIO eta EIO Txikia, udarako 'botikarik onena'

Bizkaie! 2021-06-23 10:01   Musikea

EIO Txikia Eibarko egonaldian dabil probak egiten Raffaela Acellaren zuzendaritzapean.



EIO, botikarik onena
goiburupean dakar Euskadiko Ikasleen Orkestreak, berehala bete beharko dauen udako kontzertu-programea. Euskadiko Konserbatorio eta Musika Eskoletako ikasleen orkestrea da EIO. Orkestrako anaia gazteenak, EIO Txikiak, hasi ditu dagoeneko kontzertuak atontzeko probak eta egonaldia, eskolan udako oporrak hartu eta berehala. Domekatik, bagilaren 20tik, Eibarko Hezkuntza-esparruko Egoitzan dagoz egonaldia egiten EIO Txikiko 72 neska-mutilak (9 urtetik 14ra bitartekoak). Bertan probak egin ondoren, astegoienean eszenatokietan agertuko dira Bilbon, Gasteizen eta Donostian. Tchaikovski, Vivaldi, Beethoven eta Sibelius-en lanak joko ditue, Raffaela Acellaren zuzendaritzapean.

Astebete aurrerago, EIO-ko nagusienek, 15 eta 19 urte bitarteko beste 72 musikari gazte horrek be Eibarren egingo dabe egonaldia bagilaren 27tik garagarrilaren 2ra arte eta hurrengo astegoienean eskainiko ditue kontzertuak (garagarrilaren 2, 3 eta 4an). Jon Malaxetxebarria zuzendari dabela, egitarauan Tchaikovskiren Biolin Op 35 kontzertua eta Antonin L. Dvoraken 8. Sinfonia agiri dira. Pandemiak behartuta 2020an etenaldia egin ondoren, aurten bai, posible izango da.

Martian entzunaldiak egin ondoren, EIOren orkestra bitan parte hartuko daben ikasleak hautatuta dagoz eta kontzertuak be iragarri ditue.

EIO, Euskadiko Ikasleen Orkestrea

Euskadiko Ikasleen Orkestrea (EIO) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatzen dauen hezkuntza-proiektu musikala da. Hainbat espezialidadetan musika ikasketak egiten dabizen ikasleen topagune bihurtzen da EIO, alkarregaz orkestra bat osotuz.

Etorkizuneko euskal musikarien trebakuntza musikalean bidelagun izan nahi dauen ekimen honek, musikea jentaurrean eta orkestra bateko kide lez jo deien plazea eskaintzen deutse ikasle gazteei. EIOren helburu nagusia musika konserbatorioetako eta eskoletako ikasleei heziketa sinfonikoa eta orkestra-heziketea eskaintzea da: Alde batetik, ikasleen motibazinoa piztu nahi dau EIOk, musika ikasketetan jarraitu deien eta bestetik, konserbatorioetan ikasleek landu ezin izango leukien errepertorio sinfoniko zabala joteko aukerea emon.

Euskadiko musika irakaskuntza zentroetan ikasten dabizen neska-mutilak dabiz eta edadearen arabera, proiektuak orkestra bi ditu:

- EIO: 15 urtetik 19ra bitarteko ikasleena.
- EIO Txikia: 9 urtetik 14ra arteko ikaslez osotua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu