Getxoko Punta Begoñako galeriei 'bizia' emoteko obrak hasi dira
2021-06-23 09:27 KultureaEraikina berreskuratzeko obretan, orain arteko handiena da hau.
Getxoko Punta Begoña galerien itsasertzeko irudia berreskuratzeko obrak hasi ditue hileon, eraikinak hasieran eukan itxurea emon eta herritarrek erabili ahal izango dituen espazioak sortzeko. Getxoko Udaleko ordezkariek, Amaia Agirre alkatea buru, obrak bisitau ditue, eta orain arteko faserik handiena dala azaldu dabe.
Ricardo Bastida arkitektoak orain dala ehun urte baino gehiago diseinautako pabilioi bitan esku hartzen dabiz: Horacio Echevarrieta handikiaren ordezkaritza-aretoan eta hego-mendebaldeko pabilioian, Abrako badiaren aurre-aurrean. Leku sinbolikoak diran arren, aspaldi ez dira erabili, eta funtzionaltasuna berreskuratzea izango da obren helburuetako bat, bizia emotea.
Hortaz, pabilioien eta honeen kanpoko fatxaden elementu arkitektoniko esanguratsuenak berreskuratu eta antxinako disdirea emoteaz gan, Getxoko herritarrek erabili ahal izango dituen espazioak sortzea izango da helburuetako bat.
Aretoa jarduera soziokultural, sortzaile eta berritzaileetarako topagune bihurtea eta, aldi berean, herritarrentzat espazio barri bat edegitea hego-mendebaldeko galerian, hori da proiektuaren asmoa, Amaia Agirre alkateak azaldu dauenez.
Segurtasun arrazoiak dirala eta, aspalditik jentearentzat itxita dago hego-mendebaldeko galeria. Baina, itsasertzari begira, ingurune parebako baten dagoanez, behin eremu hori berreskuratuta, Getxoren erakusleiho izango dala dino Udalak, adibidez, erakusketak egiteko.
Alderdi arkitektonikotik, egiturearen zatirik kaltetuenak finkatuko ditue eta terrazetan esku hartuko dabe urik sartu ez daiten, hori dalako monumentuaren gainbeherearen arrazoi nagusia. Arretarik handiena fatxadetan ipiniko dabe, eta horreek lehengoratuta kostaldeko paisajea goitik behera eraldatuko da.
Fase honetako obrak urtebetekoak izatea aurreikusi dabe, hau da, 2022ko bagilerako amaitzea. Ia miloe bat euroko inbersinoa egingo dau Punta Begoña Fundazinoak. Lanak martxan dagozan bitartean, herritarrek bertatik bertara ezagutu ahal izango dabe Punta Begoña lehengoratzeko prozesua, obrak eurak dibulgazinorako tresna bihurtu nahi dituelako, aurreko fase batzuetan be martxan izan dan Obretan eta edegita kanpainearen barruan.
Punta Begoña Fundazinoko zuzendari gerente Marta Peraitak azaldu dauenez, esku-hartzeak iraungo dauen urtean, bere balio didaktikoak aprobetxatuko dira, bisita gidatu, doktorego-praktika, prestakuntza-tailer edo kultura eta sormen-ekitaldiakaz, eta monumentua erabiliko da prozesua amaitu arte itxaron barik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!