Adituk barrikuntzak dakarz lehenengo urteurrenean
2021-06-22 13:24 Euskerea berbagaiEuskerazkoak eta gaztelaniazkoak ez eze, bideo elebidunak be transkribau leikez orain.
Elhuyar Fundazinoak transkripzino eta azpititulu automatikoak sortzeko diseinautako Aditu plataformeak urtebete egin dau, eta barrikuntza batzuk sartu deutsez. Erraldoi teknologikoei aurre egin eta euskerearentzat giltzarri diran garapen teknologikoak sendotzeko jaio zan Aditu, Elhuyarrekoen arabera.
Urtebeteko bidearen ostean, aukera gehiago emoten ditu orain tresna horrek. Gaztelaniazko zein euskerazko audio, bideo eta zuzeneko emonaldiak modu automatikoan transkribidu ahal izan ditu orain arte, eta aurrerantzean bideo elebidunetan be erabili ahal izango da. Hau da, euskerea eta gaztelania nahastauta dituen fitxategietan hizkuntza bakotxa identifikau eta jagokon moduan transkribiduteko gai da.
Elia itzultzaile automatikoa integrau deutsienez (hori be Elhuyarrek sortua), webgunean bertan transkripzinoen itzulpen automatikoak egin leitekez. Emoitzea editetako aukerea emoten dau Adituk.
Adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritutako teknologia dauka atzean Adituk, Elhuyarrek azaldu dauenez. Orain dala urtebete martxan hasi zanetik, hainbat zeregin bete leitekez tresna hori erabilita, esate baterako, ikus-entzunezko produktuen azpitituluak sortu, alkarrizketen edo zuzenekoen transkripzinoak idatzi... dana modu automatikoan eta euskeraz (gaztelaniaz, frantsesaz eta ingelesez be baditu aplikazinoak).
Era berean, administrazino publikoan be erabilgarria da, berbarako, batzarretako aktak modu automatikoan jasoteko. Irisgarritasunaren alorrean, diktaketa-sistemen oinarri izan leiteke.
Etorkizuneko bizimoduan gero eta ohikoagoak izango dan personen eta makinen alkarrekintzan, erraztasun ugari emongo ditu Adituk: berbaz gidatutako makinak, domotikea, laguntzaile birtualak, dei-zentroak... Etorkizuneko aurrerapenetan euskereari lekua egingo deutso.
Ikusi hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!