Gaur Iñigo Astiz, Manex Fuchs, Eneritz Furyak, Xabier Gantzarain eta Oihana Iguaranen txandea izango da

Bizkaie! 2021-06-22 09:40   Kulturea

Bart hasi da Pandemia sasoiko kulturgintzea: egoerea eta erronkak ikastaroa Donostian.

Bagilean, aurreko urteetan baino lehenago egin dabe aurten urteroko hitzordua UPV/EHUko Uda Ikastaroetan. Pandemiak izan dau eraginik kulturgintzan eta herrigintzan, baita aurtengo gaia zehazterakoan be: pandemia sasoiko kulturgintzearen inguruan egin dabe berba Pio Perez, Harkaitz Zubiri, Mikel Etxeberria, Aintzane Larrabeiti, Luken Arkarazo eta Beñat Gaztelumendik.

Pio Perez UPV/EHUko ikertzaile eta irakasleak pandemiak eragindako zenbait egitate zerrendatu ditu, kokapen orokor bat eskainiz. Haren aburuz, jakintza sozialak be parte hartu behar dau konponbideak proponidukeran, txertatu behar dira kudeaketa politikoan. Holan, berbaldiari izenburua emoten deutson galdereari be erantzun deutso: Kulturea salbau behar dagu. Guri jagoku euskal kultureagaz solidarioak izatea.

Idea horri helduta emon deutso hasierea Harkaitz Zubiri UPV/EHUko ikertzaile eta irakasleak bere berbaldiari: Kropotkinek adierazo eban ze garrantzitsua zan alkarri laguntzea bizirauteko. 1997an, Suzanne Simardek ikerketa batean baieztatu eban zuhaitz bat hazteko ezinbestekoa dala basoa. Zergaitik? Basoetan lurrazpitik zuhaitzek sare batzuk dituelako eta batetik bestera karbonoa eroaten dabe. Alkarri laguntzea da onena.

Gizarte hartu-emonak onak izatea mesedegarria dan legez, kulturea be osasun fisiko eta mentalerako mesedegarri diran ebidentziak badagoz adierazo dau Zubirik. Jasoten dogun kultureak eragina dau gure mundu ikuskeran. Esaten danean ez dogula behar besteko hartu-emonik kulturan, hori ez da egia. Arrainentzako ura bezela da guretzat kulturea; besterik da, ur hori zerk osotzen dauen.

Ondo erabili ezkero, kultura gure bizitzaren erdigunean jartearen garrantzia azaldu dau Zubirik, ongizatearen muinean dagoalako kulturea erdigunean jarri behar dala be errepetidu dabe Euskal Kulturearen Behatokiak jasotako datuak aletu dituen Mikel Etxeberriak eta Aintzane Larrabeitik.

2019ko eta 2020ko datuak alderatu eta bilakaerea be azaldu dabe: 2019an, 13.504 ekitaldi egin ziran, eta 2020an, 10.918. Udabarrian programtu zan gehien 2019an; garai horretan igaz izandako etena ez da berreskuratu gero, nahiz eta asko programatu dan. Kultur parte-hartzeari jagokonez, pandemiak irakurzaletasunean izan dau eragin positiboena, kopuruetan behinik behin: E-liburutegiko erabiltzaile barrien kopurua hirukoiztu egin zan eta mailegu kopuruek lehen baino apur bat gorago mantendu dira.

Herrigintza ariketa itzela

Pandemiak lehen lerrora ekarritako horreen artean, hurrekotasunaren garrantzia be nabarmendu dabe Euskal Kulturearen Behatokikoek: Herrietan kulturaz gozetako aukerak izatearen arnasbidea. Horixe izan da Usurbilgo Udalak herriko eragileakaz alkarlanean egindako Kultur Birearen muina: Kultur Bireak udal baliabideak herriaren eskuetan jarten diranean gauza handiak lor daitekezala erakutsi dau, hasi da Luken Arkarazo Usurbilgo Udaleko kultura zinegotzia ekimena azaltzen: Herrigintza ariketa itzela egin da 13 egunetan 27 ekitaldikoko eskaintzea sortu eben Usurbilgo kultur eragileek udalak baliabideak jarrita.

Beñat Gaztelumendi Bertsozale Alkarteko ordezkaria aritu da ondoren: Bertsolaritzearen gizarte mobimentua geldi ez da inoiz egon herriz herri egondako sareari esker. Bestalde, hezkuntzan eta ikerkuntzan be alkarteak lanean jarraitu ebala gorarazo dau: Plazak galdu dira eta sortzaile asko diru iturri barik geratu ziran. Horren aurrean, alkartearen lehenengo gogoetea izan zan plazan ebizen bertsolariei baliabideak emotea. Aurretik Euskal Kulturearen Behatokiko ordezkariek aitatutako ideagaz bat egin dau Gaztelumendik, izan be, prekariedadeari aurre egiteko, erabagi politikoak behar dira, baina baita sektorearenak be.

Pandemiak bertso plazara ekarritako ondorioak be mahairatu ditu Gaztelumendik: Talde bitan izan dau batez be eragina: otordu bueltan ibilten diran bertsolari eta gazteen artean, gune informaletan egiten baititue lehen plazak. Antolatzaile muetak be aldatu dirala azaldu dau: Bertsolaritzea tresna edo bitarteko legez ikusi dauenik be badago.

Ikusgarritasuna faltan, baina ez kalidadea

Mahai-inguruan, barriz, Pio Perezek, Luken Arkarazok eta Beñat Gaztelumendik, Harkaitz Zubirik gidatuta, etorkizunera begira be jarri dira: Ez dakit ez ete gabizen ebento handietan oinarritutako kultura batera itzuli guran: esangura horretan, maila kulturalean txarto gabizela esango neuke. Uste dot esparru txikitan lanean jarraitu behar dogula Bertsozale Alkartetik. Luken Arkarazok erantsi dau praktika kulturalarentzako espazioak eskaini behar dirala, ahalik eta modu hurrekoenean ta errazenean: Protokoloak ezarrita, duda barik baina herritarrengan be konfiantzea izanda.

Euskal kulturearen kalidadeaz galdetuta, kalidadeagaitik baino euskerean aurreko konpromisoagaitik joten dala euskal kulturara), kalidadea sobran dagoala aitatu dau Arkarazok: Ikusgarritasuna falta da eta erreferentzia bilakatzea. Kalidadea badala berresteko Gaztelumendik adibide bezela erantsi dau emakume bertsolariakaz egindako saioek aurretik bertsozale ez ziran beste profil batzuk erakarri dituela: Hori ez bada kalitatea....

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu