Aurrekanporaketetako 13 bertsolari sartu dira Nafarroako Txapelketan
2021-06-21 09:37 BertsolaritzeaHiru saio jokatu dira asteburuan, Igantzin, Garesen eta Iruritan.

Udagoienean jokatuko dan Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartzeko 13 leku egon dira jokoan, asteburuan egindako hiru saioetan. Aurrekanporaketa bakotxeko irabazleak eta puntuazinoaren araberako hurrengoak pasau dira hurrengo fasera.
Nafarroako Bertsozale Alkartearen arabera, honeek dira aurrera egitea lortu daben 13 bertsolariak: Endika Legarra, Patxi Castillo, Xabier Silveira, Ekhiñe Zapiain, Ekain Alegre, Egoitz Gorosterrazu, Erika Lagoma, Mikel Lasarte, Aitor Irastortza, Idoia Granizo, Oier Lakuntza, Urko Gartzia eta Sahats Aleman.
Lehenengo saioa Bortzirietako Igantzi herrian jokatu zan, barikuan, sei bertsolari oholtzan zirala. Endika Legarrak irabazi eban saioa, 246,5 puntugaz; bigarren izan zan Aitor Irastortza (230) eta hirugarren, Idoia Granizo (227). Urko Gartziak (219,5) eta Sahats Alemanek be (210,5) Nafarroako Txapelketarako txartela eskuratu eben, Etxahun Azkarraga (179) kanpoan geratu zan bitartean.
Zapatuan, Garesen izan zan bigarren aurrerakanporaketea. Patxi Castillok, 245,5 puntugaz, irabazi eban saioa, eta Erika Lagoma bigarrena ez zan urrun ibili (242,5). Hurrengo fasean izango da Mikel Lasarte be (238,5). Beste hirurak, Ainara Ieregi, Mintxo Astiz eta Jabi Lezaun ez dira udagoieneko saioetan izango.
Azkenik, Baztan aldera jo eban txapelketeak domekan, Iruritara. Puntuazinorik altuenak han ikusi ziran, Xabier Silveira danen buru (279,5). Bigarren izan zan Ekhiñe Zapiain (259) eta hirugarren, Ekain Alegre (255). Laugarren lekua Egoitz Gorosterrazurentzat izan zan (244) eta bosgarrena, Oier Lakuntzarentzat (222). Seigarrena, Aitor Almandoz (203,5) hurrengo fasetik kanpo geratu zan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!