Lurraldeko kultura-eragileakaz alkarlanean, Bizkaiko talentua munduan bultzatzen
2021-06-21 08:00 KultureaPrintze Urdina erakusketea bagilaren 17tik garagarrilaren 23ra arte egongo da Lisboan.
Bizkaiko Foru Aldundia Bilboko Aldama Fabre galeriagaz alkarlanean dabil atzerriko galeriakaz hartu-emonak estutu eta sinergiak sortzeko eta dagoeneko proiektu bat sortu da Portugalgo, Lisboako Nave https://www.galerianave.com/ galeriagaz. Ekimen hau BFAk sustatutako Basque Corner proiektuaren barruan dago, Aldama Fabre galeriak proponiduta eta lehen mugarria New Yorkeko Manhattanen Helena Goñiren obrearen erakusketea egitea izan zan. Portugalgo uriburuan egindako egonaldian Euskera, Kultura eta Kirol diputaduak eta Kultura zuzendariak lan-bilerak egin ditue Lisboako kultur arloko ordezkariakaz, loturak sortzeko, hartu-emonak sendotzeko eta sinergia barriak ezartzeko, Bizkaiko kultur sarearen nazinoartekotzea indartu ahal izateko.
Lorea Bilbao Ibarra, Euskera, Kultura eta Kirol diputadua eta Begoña de Ibarra Zuazo, Kultura zuzendari nagusia, lurraldeko kultur sarearen nazinoartekotzea indartzeko asmoz Lisboara joan dan Bizkaiko artisten eta kultur eragileen ordezkaritzea lagundu dabe; ordezkaritza honek Nave galerian egindako Ignacio Goitia eta Eduardo Sourrouilleren Printze Urdina-Principe Azul erakusketearen inaugurazinoan parte hartu dau. Erakusketea Aldama Fabre galeria bilbotarrak egindako proposamen baten emoitzea da, Basque Corner, hain zuzen be; helburua da euskal artistei atzerrian ikusgarritasuna emotea eta beste herrialde batzuetako artista eta eragile kulturalakaz sinergiak sortzea. Esangura horretan, pandemiaren aurretik be Foru Aldundiak New York bisitau eban ekimen hau ardatz hartuta, orduko haretan Helena Goñik Manhattanen egindako lanari zabalkundea emonez eta ondoren, besteak beste, ISPA (International Society of Performing Arts) biltzarrean parte hartuz Fair Saturday-ren eskutik.
Azken proiektu hori eta FIG lako beste batzuk izan dira foru-erakundeko ordezkariek Lisboako Udaleko zein Lisboako kultura-esparruko ordezkariakaz izandako alkarrizketetan landutako gai batzuk. Rui Silvestre Joana Vasconcelos estudioko zuzendariagaz eta Rui Pinero Arte Eder Soziedade Nazionaleko zuzendariagaz batu dira, hareen proiektuak ezagutu, eretxiak trukatu eta FIGegaz eta Bizkaiagaz lankidetza-bideak aztertzeko. Era berean, arte-galerien arteko lankidetzea sendotzeak arte-esperientziak trukatzeko edo Fair Saturday moduko proiektuen bilakaerak protagonismoa hartu dabe Mercedes Cerón galerista portugaldarragaz, Arte Arkitektura eta Teknikaren Maat Museoko ordezkariakaz, udal-korporazinoko kideakaz eta Lisboako kultura-esparruko kideakaz izandako topaketetan.
Printze Urdina-Príncipe Azul erakusketa bagilaren 17tik garagarrilaren 23ra arte egongo da Lisboan
Erakusketea Ignacio Goitia eta Eduardo Sourrouille euskal artisten arteko adiskidetasunetik sortutako sormenaren kantua da. Lehen aldiz erakusten da euren sorkuntza artistikoaren etapatako lanen aukeraketea. 1988ko lehen egun haretatik, biak Euskal Herriko Arte Eder fakultadean ikasten hasi eta alkar ezagutu ebenetik hogeita hamar urte baino gehiago igaro dira Lisboako Nave galerian egindako erakusketa honetara arte. Hogeita hamar urteotan ikaskide izatetik lagun izatera igaro ziran, lagun izatetik lagun on izatera, lagun on izatetik maitale izatera, maitale izatetik maitale-ohi izatera eta maitale-ohi izatetik baldintza bako lagun izatera. Eta baldintza bako adiskidetasunetik eta adiskidetasunaren gorespen horretatik sortu zan erakusketa berezi honen idea. 2020ko garagarrilean Ignaciok moto-istripu bildurgarria izan eban eta hainbat aste emon zituan errehabilitazinoan euskal kostaldeko ospital batean. Bertan, Eduardok ia egunero bisitetan eban.
Ezustean, Eugenia Grifero Bilboko Aldama Fabre galeriako zuzendaria eta FIG Bilboko Nazinoarteko Proiektuetako zuzendaria hurreratu jaken bisitan. Eduardok hanka bat eta beso bat apurtuta derrigorrez errubera-aulkian egon behar eban laguna samurtasunez jagoten ebala ikusita, erakusketa maitagarri hau proponidu eutson, gure mugetatik kanpo euskal artisten ikusgarritasuna sustatzeko proiektuaren lehen pausua.
Ignacio Goitiaren pintura-lanak eraikin historiko handiak islatzen ditu, zeozelan mundu baten oinarri legez ezarritako boterakaz zerikusia dabenak; mundu horretan errespetua nagusitzen da eta askatasun personala, gizabanakoaren hautu librea, giza-duintasuna, adimenaren edegierea edo inbidia eta aurreretxi faltea lako balioak goraipatzen dira. Euren eszenatoki handietan bizi diran gizabanakoen nahasketa berezian beste sasoi batzuetan zentsurautakoak izan ziran personaia eta egoera anitzez osotutako gizarte pluralari buruzko gogoetea egiten dau, gaur egun be oraindino zentsurau egiten diranak gure gizarteko zenbait lekutan edo sektoretan.
Beste alde batetik, Eduardo Sourrouillek, bere erretratu eta bideo sorkuntzako lanaren bidez, norberaren nortasunaren eta beste errealidade batzuen arteko burrukea erakusten dau; Sourrouilleren ustez, "lagun hurkoagaz eta geure buruagaz ditugun hartu-emonen lotura eta motorra" adierazoten dauen maitasuna da'.
Sourrouillek bere estilo propioa topau dau, adierazoteko baliabide ezbardinak erabiliz; haren erretratu eta bideoetan beti dago lotura bat bere eta beste batzuen existentziaren artean: objektuak, lagunak, senideak edo animaliak.
Erakusketa honetan kasu baten baino gehiagotan gertatzen da Eduardo Ignacioren obran eta alderantziz agertzea, batzuetan euren imaginarioagaz bat egiten daben personaia huts bezela eta beste une batzuetan sorkuntza artistikotik harago dagoan euren adiskidetasun hori islatuz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!