Juan de Echevarriaren katalogo arrazoitua aurkeztu dau Arte Eder Museoak
2021-06-21 07:55 KultureaVerónica Mendieta historialariak artistearen biografia eta obra guztien zerrendea sartu ditu liburuan.
Espainiako Gerra Zibila hasi aurreko urteetako artista esanguratsuenetako bat izan zan Juan de Echevarria pintore eta marrazkilaria (Bilbo, 1975-Madril, 1931). Bilboko Arte Eder Museoak, haren obrearen bilduma osoenetako bat daukan ezkero, katalogo arrazoitua argitaratzea erabagi dau, Echevarriaren ibilbidea eta ekarpena ezagutzeko erreferentziazko lana izan daiten.
Verónica Mendieta historialaria arduratu da katalogoa egiteaz. Hain zuzen be, Echevarriaren ondorengoa da Mendieta, iloba-lobea, eta hamarkada bi behar izan ditu liburuko eduki guztiak batu, aztertu eta idazteko. Juan de Echevarria 1875-1931. Biografía y catálogo razonado, modulando la vibración del color izenburua dau argitalpenak.
Artista bilbotarraren ganeko edozein datu ezagutu edo haren sorkuntzan sakondu gura dauenak iturri oparoa topauko dau katalago arrazoituan. Batetik, Echevarriaren biografia idatzi dau Mendietak; bestetik, haren pintura eta marrazki guztien katalogazino zehatza egin dau.
Arte Eder Museoak era honetako argitalpenen garrantzia azpimarratu dau. Izan be, liburuaren aurkezpenean bertako arduradunek adierazo dabenez, artearen historiaren alorrean katalogo arrazoituak dira argitalpenik berezkoenak, artista baten ekarpena ezagutzeko ezinbesteko tresnea.
2004an, Bilboko Arte Eder Museoan eta Madrilgo Mapfre Fundazinoaren egoitzan ikusi ahal izan zan Juan de Echevarriaren obren erakusketa monografiko zabal bat. Verónica Mendieta izan zan komisarioa. 17 urte geroago, Mendietaren beraren eskutik dator katalogo arrazoitua. Ganera, Bilboko museoko U aretoan (urdin), Echevarriaren obra batzuk ipini ditue ikusgai.
Juan de Echevarriaren estiloa espresionismo fauve dalakoagaz bat datorrela dinoe adituek. Haren obran igarten dira Goyaren eta Grekoaren estiloan oinarritutako indar emozionala eta Matisseren kolorea. Ganera, XIX. mendearen amaierako euskal artista handien inguruan ibili zan gaztetan: Manuel Losadaren ikasle izan zan, eta abangoardia lantzen eben Guiard, Iturrino eta Regoyos ezagutu zituan.
Parisen egon zan gero, hango artisten obrak ezagutzen (Cézanne, Van Gogh, Gauguin...). Frantziako uriburuan bertan, Durrio, Zuloaga, Picasso eta beste hainbaten lagun izan zan. I. Mundu Gerrea hasi zanean, Granadara eta Ávilara joan zan. Oiartzunen be denporaldi luzeak pasau zituan.
Urteek aurrera egin ahala, kromatismo finduan sakondu eban, eta hori bihurtu zan bere bereizgarria. Aitatzekoak dira Echevarriaren erretratuak -esaterako, ijitoen seriea edo 98ko belaunaldiko sortzaileenak-, paisajeak eta natura hilak.
Ikasia eta sentiberatasun handikoa izanik, Echevarriak pianoa joteko ohiturea eukan mihise zuriaren aurrean, koadro barri bat egiten hasi aurretik. Espainiako artea modernizetako konpromisoagaitik be nabarmendu zan. 56 urtegaz hil zan, Madrilen, bihotzekoak jota.
Echevarria aitzindarien belaunaldikoa da, Frantziako uriburuan arte garaikidearen atarian sortutako lehen jokerakaz elikatu ostean, euren herrira bueltau ziran pintore nabarmenen artekoa, azaldu dau Verónica Mendietak liburuaren berbaurrean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!