Bikaintasuna, barrikuntzea eta zabalkundea, Basque Culinary Center-en ardatzak

Bizkaie! 2021-06-18 08:47   Jan edanak

Hamar urte bete barri, etorkizunera begira jarri da Donostiako ikastegia.

Patronatuko kideak (argazkia: BCC) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gastronomiaren eta barrikuntzearen goi mailako erreferente izateko jaio zan Basque Culinary Center, eta helburua bete izanaren pozagaz ospatu dau 10. urteurrena egunotan. Denporarik galdu barik, etorkizunak dakarrenari aurre egiteko prestetan hasi dira bertako arduradunak, eta 2021-2024 Plan Estrategikoan batu ditue asmo nagusiak. 

Orain arte erabilitako gehiago eta hobeto gidalerroari eutsiko deutso hurrengo urteetan BCC-k, baina etorkizunerako hiru ardatz barri be badakarz Plan Estrategikoak: bikaintasuna; barrikuntzea eta ekintzailetzea; eta nazinoarteko zabalkundea.

Zeharkako laugarren ardatz bat gehitu dabe zerrenda horretara, garapen iraunkorrari jagokona. Hortaz, hurrengo urteotan hiru ardatz nagusiok eta zeharkakoak gidatuko dabe BCC-ren jarduna. Horrek salto kualitatiboa ekarriko dau.

Arlo akademikoan, Gastronomia 360º dalakoari eutsiko deutso BCC-k, unibersidade mailako prestakuntza-aukerarik onena izan gura dauelako. Horretarako, disziplina ugari buztartuko dituan eredu akademikoa, irakaskuntzearen kalidadea eta ikasleen esperientzia nabarmenduko ditu. Profesionalentzako prestakuntzea be emongo dau, merkaduan lekua egin deien tresna barritzaileak eskainita.

2021etik 2024ra bitartean, Basque Culinary Center-en misinoa gastronomiak garapen ekonomiko eta sozial iraunkorreko motorra izateko gaitasuna sendotzea da, adierazo dau BCC-ko zuzendari nagusi Joxe Mari Aizegak. Hori guztia gastronomiari eta sukaldaritza-esperientziari buruzko ezagutza aplikaduaren arloan munduko zentrorik onena izan gaitezan.  

Hamar urte oparo

2011n sortu zanetik hona, BCC-k ekarpen baliotsua egin dau gastronomia goi mailako ikasketakaz buztartzeko lanean. Gastronomia Zientzien Fakultadea eta Gastronomia eta Sukaldaritza Arteen unibersidade-gradua sortu ditu, eta dagoeneko 500 bat lagunek eskuratu dabe titulua Donostiako ikastegian. 38 herrialdetatik etorri dira ikasleak.

Bestetik, BCC Innovation proiektua ipini dau martxan, gastronomia ardatz dauen munduko lehenengo zentro teknologikoa. Sektore gastronomikoan barrikuntzea eta ekintzailetzea bultzatzea da helburua, eta, orain arte, 150 proiektu inguru landu dira bertan, inguruko enpresakaz alkarlanean. 

Gastronomiari bultzadea eta errekonozimendua emoteko zeregin horretan, BCC-k antolatutako sustapen ekintzak be aitagarriak dira. Besteak beste, Basque Culinary World Prize saria emoten dabe, gastronomiaren Nobel sarien parekoak. 

Beti aurrera begira dagoan zentroa da BCC, baina 10. urteurrena ospatzeko egun bateko deskantsua hartu dabe, eta hainbat ekitaldi antolatu. Lehenik eta behin, agerraldia egin dabe Eusko Jaurlaritzako sailburu Arantza Tapiak, Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olanok eta Donostiako alkate Eneko Goiak, babesleen ordezkariakaz batera.

Ondoren, BCC-ren organu nagusi dan Patronatuak batzar nagusia egin dau, 2021-2024 Plan Estrategikoa aztertzeko. GOe (Gastronomy Open Ecosystem) proiektua be jorratu dabe batzarrean. Behin topaketak amaituta, bazkaria egin dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu