Bilbok bat egin dau bagilaren 20ko Errefuxiatuen Munduko Egunagaz

Bizkaie! 2021-06-18 08:30   Kulturea

Bilbo danon etxea da, uri inklusiboa.

Bilboko Udalak bat egin dau Errefuxiatuen Munduko Eguneko kanpaineagaz: Bagilaren 20an izango da, Europako Kontseiluaren Cities Kulturarteko Programeak sustatuta. Aurten, etxe berbearen esanguran eta kulturarteko urien zereginean oinarritzen da, izan be, persona batzuentzat uria da jaio edo askatasunez aukeratzen dan lekua eta beste batzuentzat, barriz, etxea itxi eta beste bat topau behar dabenek, beste definizino bat bilatu behar dabe. Horreen guztien omenez, Bilboko Udalak bat egin dau ospakizunagaz, danok merezidu doguo etxe seguru bat eta gure kulturarteko uria, Bilbo, holakoa da, adierazo dau Itziar Urtasun Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak.

Bagilaren 20an, domekan, Cities Kulturarteko Programeak dei egiten deutse kide diran uri eta eskualde guztiei etxea zer dan hausnartu deien. Aurtengo jardunaldiak kulturarteko uriak animetan ditu etxeak konpartidu eta kanpaina bat egin deien Gure kulturarteko uria-Gure etxea goiburupean. Baterako kanpainearen bitartez, Kulturarteko Uriek Errefuxiatuentzako Nazino Batuen Goi Agintaritzeak (ACNUR) errefuxiatuen aldeko mezu bateratua bistaratzeko egiten dauen urteroko kanpainea babestuko dau: Helburua da gure gizartean kulturartekotasunaren balioak gehiago sustatzeko beharra nabarmentzea eta kontzientzietea, persona guztiok, gure jatorria edozein izanda be, alkarregaz osotzen dogu gure urietako gizarte-sarea. Eta Bilbon eredu gara, azaldu dau Itziar Urtasun zinegotziak.

Bilbo, gure etxea

Bilboko Udalak CEAR Euskadi erakundeari lotutako errefuxiatuak gonbidau ditu kanpaina honetan parte hartu deien eta etxea ulertzeko modua azaldu deien: Meriem, Alesseyni, Oumar, Zarifa, Habib, Aboucabar eta Haidenen testigantzei Intercultural Cities-egaz lotutako 140 urietako beste hainbat personen lekukotzak gaineratuko jakez. Horreetan guztietan, lasaitasuna, segurtasuna eta babesa dira ardatza, baita loturen eta adiskide-sareen garrantzia eta bakebidezko ingurune batean ikasi eta lan egiteko aukerea be.

Era berean, Juan Mari Aburto alkateak eta Itziar Urtasun zinegotziak ekimen honetan parte hartu gura izan dabe. Alkateak azaldu dauenez, Etxea babesa, laguntza eta errespetua da niretzat. Leku fisiko bat da, baina, batez be, edonora noala neugaz doan sentimendu bat da. Alkate nazen aldetik, nire asmoa da migrazino-bizitzearen proiektua Bilbon ezartzen dabenek etxe berbearen adierazpen gorena sentidutea. Gainera, aldi berean zubi sendo bat egitea lortu behar dabe, euren jatorrizko lekuagaz. Gure uria dan etxe honetan, kultur aniztasuna abantailea da.

Bestalde, Itziar Urtasunentzat holakoa da etxea: familiaren eta komunidadearen arteko loturek indarra hartzen daben lekua. Arlo horretan bardintasunean sentiduten naz, bertako kide garen persona guztien desbardintasuna autortzen eta onartzen dogulako. Gure urian, personen arteko alkarrekintzeak auzokoen potentzial osoa jorratzen laguntzen dau. Bilbo danon etxea da, uri inklusiboa.

Kanpainea datozen egunetan ikusi ahal izango da sare sozialetan, irudi eta bideoen bidez.

CEAR Euskadi 25. urteurrena


Urtero, egun hori ospatzeko, CEAR Euskadik Bilbao Refugio alkartasunezko lasterketea atontzen dau eta oraingo honetan, osasun-krisia dala eta, ezin izango da deitu.

Bagilean hasi eta abenduaren 18ra arte (Migratzaileen Nazinoarteko Eguna), erakundeak jarduera-programa zabala eskainiko dau 25. urteurrena ospatzeko. Egoitzea Bilbon dauen erakunde hau erreferentea da Eusxkadin eta Estaduan asilo eta babes eskubidearen alde, errefuxiatu eta migratzaileen aurreko esku-hartzeetan eta migrazinoaren, babesaren zein kulturartekotasunaren eragin politiko eta sozialean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu