Baikortasuna eta musika ona, Euskadiko Orkestrearen 21-22 denporaldian
2021-06-17 13:28 MusikeaAinhoa Arteta, Asier Polo, Pietari Inkinen eta Mei-Ann Chen konbidauko ditue, besteak beste.
Itxaropenerako sasoia hasi dala eta, Euskadiko Orkestreak baikortasuna eta musika ona agindu ditu hurrengo denporaldirako; aurreko urteetan baino kontzertu gehiago dagoz egitarauan, 131, eta horreetatik 98 abonu-denporaldiaren parte dira (normalean 50 inguru izaten dira).
Irailaren 27an hasiko da 21-22 sasoia, Iruñean, eta 2022ko bagilaren 8an izango da azken kontzertua, Bilbon. Zortzi hile pasautxuko egitarauaren barri emoteko, agerraldia egin dabe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiriak, Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusi Oriol Rochek eta zuzendari titular Robert Treviñok. Pandemiaren erruz momentu gatxak pasau eta gero, baikortasunaz eta programazino onaz berba egin behar dala dinoe.
Horrek ez dau esan nahi pandemiak ez dauenik eragingo denporaldi barrian. Edukierak jagon beharko dira eta, oholtzaren ganean be distantziak gorde behar diranez, orkestra txikiago batentzako saio ugari aurreikusi ditue.
Brahms konpositorearen piezetan oinarritutako programea izango da 21-22 denporaldiko lehenengoa, Iruñean, Donostian, Gasteizen eta Bilbon. Bagilera bitartean, hamaika programa izango dira guztira.
Ganera, Elkano: Mundu bira musika bidelagun proiektuak aurrera segiduko dau, 2022ko udagoienera arte ez dalako amaituko. Horko obra biri gehituko deutsez Pascal Gaigneren Urrutiko arimak eta Urruneko azalak konposizinoak.
Hiru pieza lehenengo aldiz joko ditu Euskadiko Orkestreak: Ginasteraren Harparako kontzertua, Zhouren Orkestrarako kontzertua eta Dutilleuxen 1. Sinfonia. Publikoarentzat aurkikuntza handia izango dirala adierazo dabe Donostian egindako aurkezpenean.
Konbidadu ugari
Denporaldi barriko hamaika programetatik seitan, Robert Treviño zuzendari titularrak gidatuko dau Euskadiko Orkestrea. Ganerako saioetarako, goi mailako zuzendariak konbidauko ditue, adibidez, publikoak lehendik ezagutzen dituan Mei-Ann Chen, Pinchas Steinberg eta George Mark. Euskadiko Orkestreagaz lehenengoz ikusiko dogu Pietari Inkinen. Jaume Santoja zuzendari alkartuaren ardurea izango da hamaikagarrena.
Musikariakaz batera entzungo doguzan bakarlari konbidaduen artean be, nazinoarteko izen ezagunak dagoz: Yulianna Avdeeva eta Varvara pianistak, Tom Borrow (pianoa), Alexey Stadler (biolontxeloa), Dmitri Makhtin (biolina), Pinchas Zukerman (biola) eta Xavier de Maistre (harpa).
Bertoko bakarlariak be sartu ditue egitarauan, adibidez, Asier Polo bilbotarrak biolontxeloa joko dau. Ahotsen artean, Ainhoa Arteta tolosarra aitatzekoa da. 2022ko martian eta maiatzean Euskadiko Orkestreak aurkeztuko dituan obra sinfoniko-koraletan, Iruñeko eta Donostiako orfeoien laguntasuna izango dau.
Aretoetako edukierea murriztuta dagoanez, Euskadiko Orkestreak ezin dau abonu barririk egin, baina, interesa dabenek, izena emon leikie itxarote-zerrendan sartzeko. Sarrera solteak kontzertu bakotxaren aurretik salduko ditue. Abonuen zein sarrera solteen prezioak ez igotea erabagi dabe.
Lankidetzak
Ohiko denporaldiari jagokozan kontzertuetan ez eze, beste hitzordu musikal ugaritan entzun ahal izango doguz Euskadiko Orkestrako artistak, jaialdi ugarigaz dituan hitzarmenei esker. 21-22 sasoiaren barruan, ABAO-OLBEren saioetan, Música-Musikan, Donostiako Hamabostaldian eta Musikasten hartuko dau parte. Miramongo Matinéeak eta Musika Gela zikloak be antolatuko ditu.
Era berean, Euskadiko Orkestrearen doinuak batuko dituen disko eta grabazino ugari argitaratuko dira: Robert Treviñoren American Composers, txistua ardatz dauen Gutizia, umeentzako Lide ta Ixidor ipuin lirikoa eta Fernando Velázquezen soinu banden bildumea. Kalakan taldeagaz grabautako diskoa udagoienean kaleratuko dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!