Bilboko 'Bagi!' deialdian hamar proiektu aukeratu ditue

Bizkaie! 2021-06-17 09:37   Kulturea

Kulturea suspertzeko asmoz, berbaldi, mintegi, ikastaro eta ikuskizunak antolatu ditue urian.

Ikus-entzunezko narratiban keinuek daben garrantzia jorratuko dabe mintegi baten (argazkia: BilbaoArte) | Ikusi handiago | Argazki originala

Arte garaikidearen inguruko prestakuntzea, gogoetea, jarduna eta kritikea bultzatzeko asmoz, apirilean egin eben Bilbao Arte Gela Edegia-Bagi! deialdia, eta, hautagaitzak aztertu eta gero, hamar proiektu irabazleak aukeratu ditu Bilboko Udalak. Arte garaikideari lotutako egitarau zabal baten bidez, eta BilbaoArte laguntzaile dala, urian kulturea suspertzea da helburua.

Aukeratutako hamar proiektuen artean disziplina ugaritakoak dagoz, arte garaikidea kontzeptu zabala dan ezkero. Ikus-entzunezkoak, serigrafia, zeramikea, performancea, bideoa, narratibea, pinturea eta grabadua dira. Bagiletik zemendira bitarteko egitarau zabalaren barruan ikusi ahal izango dira proposamenok, Urazurrutia kalean BilbaoArtek daukan egoitzan.

Programazino horretan sartuko ditue, ganera, berbaldiak, mintegiak, tailerrak, proiekzinoak eta zuzeneko emonaldiak. Mundu zabaletik etorritako 50 artista, dibulgatzaile eta eragile inguru arduratuko dira jarduerok zuzentzeaz. Gehienak saio edegiak izango diran arren, mundu artistiko eta profesionala ezagutzen dauen publikoa izan dabe gogoan egitaraua atontzeko orduan. 

Bagi! deialdian aukeratutako proiektuak holan banatu ditue egitarauan:

- Bagila-garagarrila: Baterako sorkuntzearen mintegia eta tailerra, espekulazinoaz eta sorkuntza garaikidearen jasangarritasunaz (edo jasangarritasun ezaz) Euskal Herrian, eta egindako lanen erakusketea: Gabinete de humusidades culturales y semillas raras (Oihane Sánchez).

- Garagarrila: Mintegia eta sorkuntza-tailerrak munstroen iruditeriei buruz, eta egindako lanen erakusketea: Pandemonio. Retóricas iconográficas en tiempos convulsos (Leticia Gaspar). Berbaldi edegiak eta zeramika garaikideko tailer praktikoa, eta egindako lanen erakusketea: La enredadera. Materialidades cerámicas contemporáneas (Raquel Asensi).

- Abuztua: Performancearen hasiera-tailerra, performance-bideoko proiekzinoak, performance kolektiboa eta berbaldiak: Corren malos tiempos para los cuerpos (Endika Basaguren) eta Un paseo por la performance vasca contemporánea (Patricia Lopez).

- Iraila: Arteari, teknologiari eta zientziari buruzko berbaldiak, eta mobiduten diran irudien tailerra: ART+ Cuadernos de arte expandido y tecnológico (Gheada). Eztabaidako, prestakuntzako eta sorkuntzako tailerra, eta langile-iruditeriari buruzko berbaldia: geLAN (Emovere alkartea). Idazkuntzea, arte bisualetatik ikusita: berbaldiak, mintegia, tailerrak. Escrituras liminares (Alberto Lomas).

- Urria: Arte garaikideari buruzko gogoeta teorikoko eta eztabaida feministako jardunaldiak, eta Sra. Polaroiskaren performancea: Una habitación propia: debates feministas en torno a las prácticas artísticas sobre identidades y subjetividades (Lempicka eta bazkideak).

- Urria eta zemendia: Arte grafikoen tailerrak: De la memoria al cine, sin olvidar la abstracción (Colectivo Sobre Presión), Euskal Alfabetoa (Verónica Domingo) eta Grabado a la punta seca sobre acetato (Irati Retolaza).

- Zemendia: Batutako lanen dokumentu biziei buruzko tailerra eta proiekzino edegiak: Archivos vivos (Tana Garrido eta Julia Martos).

Egitarau osoa eta argibide gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu