Seaskan euskerazko murgiltze eredua baimendu dau Konstituzino Kontseiluak
2021-06-17 08:33 Euskerea berbagaiSare publikoko ikastetxeetan, ostera, frantsesak lehentasuna izan behar dauela dino.
Hizkuntza txikien aldeko legearen kontura maiatzean Frantziako Konstituzino Kontseiluak kaleratutako ebazpen polemikoaren inguruan azalpenak emon ditu erakunde horrek berak, eta euskerearen irakaskuntzeari bete-betean eragiten deutse. Hasiera baten, Kontseiluak murgiltze eredua desegokitzat jo eban, Frantziako Konstituzinoaren kontrakoa zalakoan, baina orain egin dauen zehaztapenean sare publikora mugatu dau ebazpena.
Horrek esan nahi dau, zelan edo halan, Seaskako ikastoletan martxan dagoan euskerazko murgiltze ereduari baimena emon deutsala Konstituzino Kontseiluak. Sare pribaduko ganerako ikastetxeetan be murgiltze eredua erabili ahal izango da, adibidez, eskola katolikoetan.
Sare publikoan, baina, beren-beregi debekatu dau murgiltzea. Ipar Euskal Herriko ikasle gehienek euskeraz ikasi deien lagungarri litzateke murgiltze eredua ikastetxe publikoetan ezartea (Hego Euskal Herrian egiten dan legez), beraz, atzerapausua da Konstituzino Kontseiluaren erabagia normalizazinorako.
Euskalgintzako eragileen ustez, Konstituzino Kontseiluaren zehaztapenak aurretik egindako kaltea konpontzen dau neurri baten, berandu badator be. Seaskako arduradunek uste dabe euren ereduari babes juridikoa emoten jakola Frantziako Konstituzinoaren barruan, baina zalantzak geratzen dira gerora begira. Beste kontu bat da irakaskuntza publikoan, hor euskerea eta beste hizkuntza txiki batzuk sartzeko bidea eteten dauelako.
Molac Legea dalakoak babes sozial eta politiko zabala dau, frantsesa ez diran beste hizkuntza txikiak erabili eta bultzatzeko bidea zabaltzen dauelako. Frantziako Asanbleak alde handiz onartu eban legea, eta Konstituzino Kontseiluak bertako hainbat puntu balio barik itxi zituanean, milazak lagunek kalera urten eben Baionan, maiatzaren 29ko manifestazinoan.
Kontseiluak neurri baten atzera egin badau be, Molac Legetik kendutako funtsezko alderdi asko aurrera egin ezinda dagoz oraindino. Sare publikoan murgiltze eredua ezarri ezina edo agiri ofizialetan izenetan zeinu diakritikoak ezin erabiltea, adibidez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!