Anastasio de Amesti eta Koldo Gallarretaren bildumak emon deutsiez Enkarterriko Museoari
2021-06-16 13:53 KultureaAbellanedako zentroaren udako eskaintzea indartuko dabe dohaintza horreek.
Erakusketen eta bestelako jardueren bidez, udarako eskaintza kultural zabala dakar Abellanedako Enkarterriko Museoak, Bizkaiko Batzar Nagusiak bultzatzaile dirala. Eulalia Abaitua argazkilariari eskainitako erakusketea zemendira arte egongo da bertan, eta udan bisita gidatuak antolatu ditue haren obrea hobeto ezagutzeko.
Ganera, Abellanedako museoan gordetako ondare historiko eta artistikoa aberastuko daben dohaintza bi jaso ditue Batzar Nagusiek, hain zuzen be, Anastasio de Amesti harginaren eta Koldo Gallarreta ikertzailearen bildumak. Goizean aurkeztu ditue dohaintzetako edukiak, Batzar Nagusietako presidente Ana Otaduik gidatutako ekitaldian. Han izan dira Juan de Amesti (Anastasio de Amestiren lobea) eta Koldo Gallarreta bera.
Anastasio de Amestik XX. mendearen hasierako obra esanguratsu batzuetan egin eban lan, arkitekto eta eskultore ospetsuen alboan. Joaquin Lucarinik Deustun egindako Tigrearen Eraikina egiten ibili zan, eta Bilboko Diego Lopez de Haroren eskulturea gaur egungo lekura eroateko lanetan eta Burgosko El Ciden estatua egiten be bai. Enkarterrin, Galdamesen, Truebaren monumentuan eta Martinez de las Rivasen oroigarrian parte hartu eban.
Obra horreei eta de Amestik egindako beste sorkuntza txikiago batzuei lotutako materialak jaso ditue Batzar Nagusiek dohaintzan, familiaren agiriakaz batera. Argazkiak, marrazkiak, gutunak, piezak eta moldeak dagoz, besteak beste.
Koldo Gallarreta Zallako ikertzailearen bilduman, ostera, 500 argazki inguru, 30 plano eta XX. mendeko Enkarterriri lotutako agiriak dagoz. Zallako eta Balmasedako antxinako bizimoduaren eta injinerutza-proiektuen lekukotza bikainak dira horreek guztiak. Gallarretak dohaintzan emondako argazkien artean, 1937ra arte Balmasedako alkate izandako José de los Herosek egindakoak dagoz.
Enkarterriko Museoaren bilduma zabalera gehitu deutsez, beraz, horreek dohaintza biak. Oraintsu, Patxi Xabier Lezama Perier artistearen Zaldia eskulturea be emon eutsen museoari.
Udan museoak antolatu dituan bisitaldi gidatuetan, dohaintzetako materialaz eta Eulalia Abaituaren argazkiez gan, Abellanedako Batzar Etxea barrutik ezagutzeko aukerea izango dau jenteak. Los Colinaren botikako tresnak eta Antonio de Trueba kronikagile eta idazlearen inguruko jakingarriak be publikoaren esku jarri ditue.
Eskaintzea Bizkai osoan
Abellanedatik kanpo be, eskaintza kultural zabala dakarre udan Batzar Nagusiek, Bizkaiko hainbat aretotan. Batzar Nagusien euren historia, zeregina eta bitxikeriak agertzen dituan erakusketa ibiltaria Portugaleteko Solar plazan dago ikusgai, bagilaren 30era arte. Garagarrilean Durangoko Landako plazara eroango dabe.
Batzar Nagusien Bilboko egoitzan (Hurtado Amezaga kalean), 1980ko euskal artisten obren bildumea dago, bagilaren 28ra arte. Besteak beste, Jesus Mari Lazkano, Dario Urzay, Iñaki De la Fuente, Alberto Rementeria, Gabriel Ramos Uranga, Juan Luis Goenaga, Alfonso Gortazar, Merche Olabe, Juana Cima eta Daniel Tamayoren obrak dagoz.
Bilbotik urten barik, Ondare aretoan dago Antonio Trueba Bizkaiko kronikaria erakusketea, zemendiaren 13ra arte. Bagilaren 23an eta irailaren 15 eta 29an bisita gidatuak antolatuko ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!