Anbotoko mendilerroko zeharkaldia, kondairen eta Infernu Zubiren lurraldean
2021-06-16 10:27 Ibilian-ibilianErronkea: inguratzen gaituan energia sentidutea, neure lekurik gogokoenean.
Bizkaia. Urkiola. Atxarte. Anboto. Mendia. Ertza. Gailurreria. Estu loturik doazan berbak dirudie, ezta? Bai, behintzat, historiari erreparatu ezkero. Inguratzen gaituan energia bete-betean sentidutea neure lekurik gogokoenean. Horixe erronka eta horixe hitzordua.
Abadiñoko Mendiola auzotik abiatu eta neure Atxarte kuttunean autoa itxita hasiko dogu abenturea. Bertatik, Astxiki eta Alluitz mendien magalera abiatuko gara, hain zuzen be, Artolako lepora. Handik, nahi izan ezkero, Astxiki igon eta jatsi geinke, eta bestela, Alluitzera igongo dogu jarraian, non ibilia badaukagu eta. Zig-zag ederrak eginda, Euskal Herriko panoramikarik itzelenetako bat dauen mendi berezi honetara helduko gara. Handik horrenbeste argazki izoztu dituan mendilerro ikusgarriaren aurrez aurre kokatuko gara. Oraingo honetan, ostera, ez gara soilik ikuspegiaz gozetera igon, aurrera egitera baino.
Goazen, ba, historian zehar horrenbeste orrialde eta artikulu ilun jantzi dituan Infernu Zubira, Deabruaren Zubia be deitua. Jente andana hil da bertan eta horrek errespetu handia sortu dau mendizaleongan. Bertara heltzean, tentu handiz ibili beharreko bidetxua dala ikusi, baina zelanbait arriskurik hartu barik zeharkatzeko aukerea dagoala konturatu gara. Arriskuak hartzeko aukerea egon badago be, hoba zuhur ibili eta bide onetik joan. Eta zalantza barik, lehendik egon dan bategaz joatea da onena, ez da esperientzia eta eskarmentu barik ibilteko lekua. Mendiak ez dau halakoetan parkatzen. Beraz, broma gitxi, beti kontuz.
Puntu honetara Alluitzeko tontorretik, kontrako norabidean eta hainbat korredoretatik heldu daiteke. Argazkietan ikusten dan egun honetan, urrunetik ikusita, Juanito Oiartzabal etorren hainbat lagunegaz, korridoreetako batetik, bere urteguna ospatzeko. Sare sozialen bidez bere argitalpena irakurtean ziurtatu genduan bera zala, guk urrunetik ikusi gendualako.
Lagungarri izango jatzuelakoan, hona hemen Juanito Oiartzabalek eta konpainiak egin ebena: Alluitzera igon Kokuzkuluko kanaletik, Infernu Zubiko ertzetik Larranoko lepora, bertatik Urkiolamendira eta handik etxera. Beste aukera bat dogu honakoa, eta ederra izango da egunen baten kanal hori ezagutzea, egin beharko.
Jarraitu daigun, baina, geure bidean: behin Infernu Zubi pasauta, tontorrez tontor Larranora joko dogu eta handik gailurreriaren edo ertzaren bigarren zatiari ekingo deutsagu. Haizeak gogor joten dauen arren, ez deuskuz hegoak mintzen, mobimentuan jarraitzera bultzatzen gaitu. Mari dama mitologikoaren magalean eta babesean, Kurutzetako gailurrera abiatuz, galbide barik, begiak hartu beharreko norabidean finkatuz.
Anbotoraino daukagun bide honek be arreta berezia eskatzen dau hatxetan, inguru harritsua eta aldapatsua izanik, batez be haize handiko egunetan (hau da, ia danetan). Erdi partean, ikuspegi aparta dogu begi aurrean, bai aurrealdean baita atzealdean be. Ikaragarria. Horren maite dodana. Handik Elgoinera bidean abiatuko gara, bertatik azken zatiari ekiteko eta Anbotora igoteko. Itzela. Igotean ikusten dogun ertz horretatik gatoz! Nork esan, nork pentsau, txikitatik behin eta barriro ikusitakoa, pozik, gustura eta amesa bete eta erronka lortzearen neke aberasgarria sentiduz autoan sartzean. Ederra.
Itzulerea Anbototik jaisteko ohiko bidetik egingo dogu, Pol-poleko iturriaren alboko larreetara bidean eta handik Atxarterako bidea hartuz, Urkiolamendira igon aurretik dagoana. Bertatik, aurrera eta aurrera egin, eta Guenzelaitik aparkalekura bueltauko gara.
Zelako oparia. Zelako edertasuna, Mari. Zelako lilurea, naturea. Maitemindurik.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!