Bilboko Arte Eder Museoa egunero egongo da zabalik udan
2021-06-16 09:20 KultureaIrailaren 15era artekoa da udako ordutegia.
Udan bisitari gehiago hartuko dituala aurreikusita, ordutegi bereziak egongo dira indarrean Bilboko Arte Eder Museoan, bagilaren 15etik irailaren 15era. Urtean zehar martitzenetan itxita egoten bada be, udan asteko egun guztietan bisitau ahal izango da museoa, barruan ikusgai dagozan erakusketa guztiez gozetako.
Astelehenetik zapatura, goiz eta arratsalde dago museoa zabalik udan, 11:00etatik 20:00etara. Domeketan, goizean edo eguerdian sartu ahal izango dira bisitariak, 11:00etatik 15:00etara.
Momentu honetan, Arte Eder Museoaren eskaintzea zabala eta askotarikoa da. Bilduma iraunkorreko obrak ABC. Museoaren Alfabetoa erakusketan ikusi leitekez, eta aldi baterako erakusketa ugari be badagoz, esate baterako, joan dan astean edegitakoa, Luis Paret artisteak XVIII. mendeko Bilbon itxitako arrastoari eskainia.
Womanology. José Ramón Prieto bildumea eta Mendiburu. Materia eta memoria erakusketak be ikusi leitekez hileotan. Formatu barritzaileak gustuko dituenentzat, Muntadas. Hiri hutsa bideoinstalazinoa be badago museoan.
Ganera, Espainiako pinturearen hiru maisu handiren obrak ikusteko aukerea emoten dau Obra Konbidadua programeak, Carmen Marañón-Fernández de Araozen bildumatik etorritako behin behineko lagapenari esker. Grekoaren, Velázquezen eta Goyaren artelanak batu ditue.
Udako ordutegia indarrean dagoan arren, jarduera osogarrien programea ez da eten. Asteon bertan, zinemagintzeagaz lotutako saio bi antolatu ditue. Euskadiko Filmategiak Luis Buñuel zuzendariari eskainitako zikloaren barruan, 1962ko El ángel exterminador filma proiektauko dabe barikuan (19:00).
Euskadiko Filmategiak berak, Cinémathèque Québécoise-k eta Etxepare Institutuak antolatuta, zapatuan (18:00), Sophie Deraspek zuzendutako Antigone (2019) ikusi ahal izango da museoan, Quebeceko Zinema zikloaren barruan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!