Luis Paret hobeto ezagutzeko mugarria

Bizkaie! 2021-06-10 08:19   Kulturea

Bilboko Arte Eder eta Eleiz museoek alkarlanean atondu dabe erakusketea.

Antolatzaile eta babesleak, Luis Paretek diseinautako iturriaren aurrean (argazkia: Bilboko Arte Eder Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

XVIII. mendeko Espainiako artista esanguratsuenetako bat izan zan Luis Paret madrildarra. Erregearen Gortetik urruntzeko, Bilbon bizi izan zan 1779tik 1787ra, eta sasoi haretako obra oparoaren errepaso zabala egingo dabe, alkarlanean, Bilboko Arte Eder Museoak eta Bizkaiko Eleiz Museoak. Orduko Bizkaiko bizimodu, persona eta paisajeak ezagutzeko aproposa da museo bietan ikusi ahal izango dan erakusketea. 

Luis Paret Bilbon. Arte sakratua eta profanoa izeneko erakusketa honetan, 50 artelan eta objektu baino gehiago batu ditue, besteak beste, pinturak, eskulturak, marrazkiak, altzariak eta agiriak. Arte Eder eta Eleiz museoetako bildumetatik ez eze, Madrilgo eta Londresko museoetatik, Bilboko Udal Artxibotik, eleizearen funtsetatik eta bilduma partikularretatik datoz piezak. Erakusketearen babesle dan BBK Fundazinoak be obra batzuk laga ditu. 

Luis Pareten lana ezagutzeko mugarria izango da erakusketa hau, museo bietako arduradunek adierazo dabenez. Bilbon pasau zituan urteak erabagigarriak izan ziran haren obran, baina kontrako norazkoan be nabarmena izanzan eragina: Bilboko ondare artistikoa modernotzen eta zabaltzen lagundu eban Paretek. 

Irailaren 5era arte egongo da erakusketea egoitza bietan. Eleiz Museoan erlijinoagaz lotutako 27 obra ipini ditue, eta ganerakoak Arte Eder Museoan ikusi leitekez. Juan Manuel González Cembellín eta José Luis Merino dira komisarioak.

Bilbon bizi izan zan bitartean, Pareten ikuspegia eta estiloa aldatu egin ziran, helduagoa bihurtu zan haren obrea. Madrilen, gehienbat, Gortearen erretratuak egin zituan, baina, Bilbon, erlijinoagaz lotutako irudiak, persona poteretsuen erretratuak eta halakoak egin zituan. Bilboko eta Bizkaiko beste herri batzuetako paisajeak be nabarmenak dira, adibidez, 1783ko Bermeoko bista.

Sasoi haretan zabal-zabal ebizan idea ilustraduen zalea zan Paret, Euskalerriaren Adiskideen Alkartekoen ingurukoa; erakunde horren sortzaile Xabier Maria Muniberen erretratua horren lekuko. Ikuspegi tradizionalagoa be jorratu eban, Bilboko eleiza ugaritako ondare artistikoa aberasteko egin zituan lanak kontuan izanda. 

Koadro eta eskultura erlijiosoak ez eze, eleizetarako erretaula eta altzarien dekorazinoan aurrerapenak ekarri zituan Paretek, eta Santiago eleizako Aste Santuko monumentua egiteko be eskatu eutsen. Erakusketan ikusi leiteke, hain zuzen be, lan horren truke pagau eutsiezen 12.005 errealen barri emoten dauen ordainagiria.

Paretek berak egindako lanakaz batera, orduko beste artista batzuenak be ikusi leitekez. Paretek berak egindako marrazki edo diseinuetatik abiatutako obrak dira, Antonio Salvador Carmona, Antonio Carnicero, Juan Pascual de Mena eta abarrenak. 

Bilboko Arte Eder Museoa 1990eko hamarkadatik dabil Pareten lana berreskuratu, gizarteratu eta artisteak uriagaz izan eban loturea aztertzen. Han eta hemen sakabanatuta egon diran obra batzuk erosteaz gan, erakusketak antolatu izan ditu eta, 2018an, liburu bi argitaratu zituan. Oraingo erakusketa honetan beste pausu bat gehiago egin dau bide horretan, Eleiz Museoagaz indarrak batuta eta 50 pieza baino gehiago aldi berean erakutsita. 

Bisitak eta ikastaroak

Luis Pareten eta Bilboren arteko lotura estuaren barri emoteko, erakusketearen osogarri, bisitaldiak eta ikastaroak be antolatu ditue Arte Eder eta Eleiz museoek. Gondra Barandiaran Fundazinoak bultzatuta, garagarrilaren 14tik 16ra, Udako Ikastaroen barruko kursoa hartuko dau Arte Eder Museoko Auditorioak, Paretek Bilbo ilustraduaren eraikuntzan egin eban ekarpena aztertzeko. 

Bagilaren 13tik, Bilboko alde zaharrean oinezko ibilbideak egin ahal izango dira, Paretek uriko elementuetan itxitako arrastoa ezagutzeko. Eguenetan eta domeketan antolatuko ditue bisitaldiok, gehienez hamar laguneko taldeentzat, gaztelaniaz eta euskeraz. Bost euro pagau beharko da personako, baina Museoen Lagunentzat hiru euro izango da.

Bisitaldia bere kontura egin nahi dauenak, eskuko gidea edo ibilaldi gidatuen programea erabili leike, kalerik kale XVIII. mendeko Bilboren eraldaketea ezagutzeko.

Itsasadarrean zeharreko ibilbideak be badagoz aukeran, bagiletik abuztura, San Anton eleizearen ondoko ontziralekuan hasita. Ibilbidean ikusiko dituen lekuak Pareten hiru koadrogaz konparau ahal izango dira: San Antongo iturriarena, Bilboko Arenaleko bista eta Olabeagako bista. 15 euro da personako, 13 Museoen Lagunentzat. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu