Kerobiak hiru kontzertu joko ditu 20. urteurrenean

Bizkaie! 2021-06-16 08:28   Musikea

Boskote nafarrak zortzi urte daroaz zuzenean agertu barik.

2001ean ibilbide oparoa hasi eban Kerobia taldeak eta, beraz, etenak eten, 20. urteurrena ospatzen dabil aurten. Dagoeneko zortzi urte dira zuzeneko kontzerturik joten ez dabena, baina, hogei urteen atxakian, hiru emonaldi iragarri ditue zemendirako.

Honeek dira urteurreneko hiru kontzertu bereziak: Galdakaoko Torrezabalen zemendiaren 20an; Iruñeko Baluarten 26an; eta Azpeitiko Soreasun 27an. Sarrerak salgai dagoz taldearen webgunean (hemen). 

Ez dago zalantzarik guretzat bereziak izango dirala, Kerobiaganako gogo handia ikusi dogu eta hiru kontzertu honeek gure musikea jarraitzen dabenakaz topaketea izatea nahi dogu, adierazo dabe taldekideek ohar baten. Kerobiaren konstelazinoa marrazten jarraitzeko hitzorduak izango dira zemendiko kontzertuak. 

Orain dala zortzi urte pasautxu itxi eutsan Kerobiak zuzenekoetan joteari, energia faltan egozala eretxita. Harrezkero, zaleek ez dabe boskote nafarraren kontzertuez gozeterik izan. 2017ko Hatortxu Rocken egin eben kontzertu sorpresea izan da orain arteko salbuespen bakarra. Galdutako energia berreskuratu dabenez, bueltan datoz.

Konstelazioak izeneko biniloak harrera ona izan dau zaleen artean, eta, urteurrenagaz batera, horrek bultzatu dau Kerobia oholtzara barriro igoten. Era horretara, 2001ean hasitako bidea ez da eten. Paradisua izan zan taldearen lehenengo kantu arrakastatsua, lehenengo maketen sasoian, eta 2003an, Gaztea Maketa Lehiaketea irabazi eben. 

Disko luzeak argitaratzeari ekin eutsenean, garbi geratu zan pop bizi eta indartsua zala Kerobiaren ezaugarria. Rose Escargot unibersoa sortuta, euskal musikan arrastoa itxi eben, eta kantu batzuk zale guztien gogoan sartzea lortu, adibidez Esnatu naiz. Kerobiaren Trilogiako hiru diskoak (2008-2010) eta, etenaren aurretik, Supernova (2012) etorri ziran gero.

Kerobiako bost taldekideak honeek dira: Mikel Zorrilla baterian, Alberto Isaba baxuan, Ruben Matilla gitarran, Mikel Isaba tekladuetan eta Xabi Bandini kantuan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu