Aurten 86 lan jaso eta parte-hartzaileen artean genero-orekea egon da

Bizkaie! 2021-06-16 08:15   Kulturea

Zientzia eta teknologiari buruzko bideo labur onenak saritu ditue.

Zientzia eta teknologiari buruzko bideo laburrak eta originalak produzidutea eta zabaltzea dau helburu On Zientzia bideo-lehiaketeak, Elhuyar-ek eta Donostia International Physics Center-ek (DIPC) urtero atontzen daben Teknopolis telebista-saioaren barruan.

Aurten 86 lan jaso dira, eta parte-hartzaileen artean genero-orekea egon da. Euskerazko, gaztelaniazko eta ingelesezko bideoak aurkeztu dira lehiaketara, parte-hartzaileen artean mundu osoko jentea baitago. Lan gehienak Euskal Herrikoak badira be, hainbat bideo jaso dira Alemaniatik, Erresuma Batutik, Mexikotik edota Perutik. Aurkeztu diran bideo guztiak ikusgai dagoz hemen

Epaimahaikideek ondoko lanak saritzea erabagi dabe:

Dibulgazino bideo onenaren saria (3.000 €) kategorian, aurten lehenengoz sari bi nagusi emon ditu epaimahaiak. Bardinketa teknikoa subertau da euskerazko eta gaztelaniazko bideo banaren artean eta, horregaitik, aurten Euskerazko Bideo Onenaren Saria emon barik ixtea erabagi da eta horren ordez sari nagusi bi emotea: Alde batetik, Unai García, Mikel González, Eneko Mosquero eta Alex Bouza batxilergoko ikasle andoaindarrek jaso dabe, Deepfake, etorkizuna atarian lanagaitik. Epaimahaiaren eretxiz, esperimentu teknologiko bat oso modu ikusgarrian erakusten dau; oso bideo originala da, ondo landutakoa eta primeran egituratutako diskursoa dauena. Bestalde, Yasia Doslinea galiziarrak be irabazi dau bideo onenaren saria, ¿Por qué no podemos tomar un ibuprofeno cada 4 horas pero sí alternarlo con paracetamol? lanari esker. Epaimahaiak nabarmendu dau oso lan bitxia eta hurrekoa dala eta ondo asmau dauela eguneroko arazo bat modu ezin hobean azaltzen.

Gazte Saria (1.000 €) Irungo Toki-Alai ikastetxeko DBHko Urdinak eta Berdeak taldeetako ikasleek jaso dabe, Aurrera goaz lanagaitik. Epaimahaiaren eretxiz, baloreak transmitiduten dituan lana da eta egileek zientzia eta historia modu egokian lotzen jakin dabe, talde-lanean eta mezu positiboa emonez.

Epaimahaiak aitamen berezia Carmen Rejari emon deutso, Ciencia lanagaitik: Zientziak persona guztientzat ulergarria izan behar dauela aldarrikatzen dau; epaimahaiaren esanetan, hasieratik amaierara interesa eta emozinoa transmitiduten dau, maila teknikoan bikaina da.

Sariak emon ditue Adolfo Morais Ezquerrok, Unibersidade eta Ikerketa sailburuordeak; Edurne Ormazabal Azpirozek, Tabakalerako zuzendari nagusiak; Txema Pitarke de la Torrek, Elhuyarreko lehendakariak; eta Ricardo Díez Muiñok, DIPCko zuzendariak.

Epaimahaikideei jagokenez, ondokoak izan dira bideo laburrak epaitu dituenak: Marian Iriarte Ormazabal, UPV/EHUko Kimika Fakultadeko dekanoa eta zientzia-dibulgatzailea; Onintze Salazar Perez, Euskalmeteko fisikaria; Txema Muñoz Lopez, Euskadiko Filmategiko kidea eta Kimuak programearen arduraduna; Nora Gonzalez Lacunza, fisikan doktorea eta DIPCko komunikazino-arduraduna; eta Nagore Rementeria Argote, Elhuyarreko kidea eta Teknopolis programako zuzendaria.

Saio berezi batean emongo dau Teknopolis telebista-saioak sari-banaketea, bai eta saritutako lanak eta saridunen adierazpenak be. Bagilaren 19an, 13:30ean izango da ikusgai saioa ETB1en eta bagilaren 20an, 13:30ean ETB2n.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu