Bilboko Orkestra Sinfonikoak 100 urte egingo ditu

Bizkaie! 2021-06-15 10:39   Musikea

Arriaga Antzokian, 1922ko martiaren 8an, Armand Marsick lehenengo zuzendariaren eskutik munduratu zan orkestrea.

Aurkezpena Bilboko Orkestra Sinfonikoaren aretoan egin da, segurtasun neurri guztiak betez, eta bertan izan dira Lorea Bilbao, BFAko Euskera, Kultura eta Kiroleko foru diputadua eta BOSeko presidentea, Erik Nielsen, BOSeko zuzendari titularra, Ibon Aranbarri, BOSeko zuzendari nagusia, Borja Pujol, BOSeko zuzendari teknikoa eta Isabel Urrutia, konpositorea.

Bilbao Orkestra Sinfonikoak 100 urte beteko dituan denporaldia aurkezten gabiz. Arriaga antzokian 1922ko martiaren 8an, Armand Marsick lehenengo zuzendariaren eskutik munduratu zan orkestrea eta Bizkaiko musikearen erreferente izaten jarraitzen dau, gizartearen zerbitzuan. Orkestrea hainbat eta hainbat personak osotutako taldea da eta gitxik bezela ordezkatzen dau gizartearen aniztasuna. Maila gramatikalean izaki femenino eta singularra da eta horregaitik, musikea sortzea premina handia izan daben zenbait emakumeren obretan zehar ibilbidea egin nahi dogu urteurreneko denporaldian. Aro eta egoera historiko desbardinetako emakumeak dira eta arreta berezia jarri dogu zentsurarik maltzurren eta bidebakoenaren biktima izan ziran hareetan. Behinola uste izan neban banebala sormena, baina uko egin deutsat idea horri; emakume batek ez dau musika egiteko gogorik izan behar: batek be ezin izan badau egin, zer dala-eta espero neike nik?. Clara Wieck XIX. mendeko emakumezko musikaririk onenetakoaren berbak dira, Clara Schumann bihurtu baino lehenago. Historia antzeko kasuz josita dago: karrera profesionala egiteko gogoa izatea be onartu ez jaken emakumeak, baztertuta geratu ziranak.

Clara Schumannez gan, emakumezko musikagile historikoen atal honetan Ethel Smyth-en musikaz gozetako aukerea egongo da. Figura nagusia izan zan Ingalaterrako mobimentu sufragistan eta ekintza politikoan. Apur bat lehenagokoa, XIX. mendearen erdialdekoa da Louise Farrenc musikagile eta pianista handia, estilo erromantiko bikainekoa. Haren lehen sinfonia eskainiko da Bilbon, gure denporaldiko amaierako kontzertuan Augusta Holmès-en orkestrazino sendo eta indartsua zabalduz.

Eta horreen ondoan gure sasoiko emakume bi: Isabel Urrutia, estreinauko dogun eta orkestrearen urteurrenerako sortu dauen pieza bategaz eta Birke Bertelsmeier alemaniarra, orain dala urte gitxi Gernikako bonbardaketearen 80. urteurrenerako egin eban obraz gozetako aukerea.

Gizarte osoarentzat hain latzak izan diran boladen ostean, urtebetetze egunean eta Leonard Slatkin maisu handiaren bisitea aprobetxauta, pizkunde nahi hori gure ustez ondoen islatzen dauen obrea eskainiko dogu: Gustav Mahler-en 2. sinfonia, Pizkundea; eta aurretik Maurice Ravel-en kantu txiki bat, orkestrearen historian ezinbesteko musikagilea dalako. Guk bezela mendea bete dauen bidelagun bategaz be izango gara, Bilboko Koral Alkarteagaz.

Beste alde batetik, urteurrenean Joaquín Achúcarro, Asier Polo, Vanessa Goikoetxea, Miren Urbieta eta azken urteetan lagundu izan deuskuenak, besteak beste, Christian Zacharias pianistea eta zuzendaria, Frank Peter Zimmermann eta Ning Feng biolinistak, Gabriela Montero biolinistea, Giancarlo Guerrero zuzendaria zein gure zuzendari titular izandako Günter Neuhold. Eurekaz batera, gure denporaldian figura garrantzitsu batzuen debutak izango ditugu: Shiyeon Sung zuzendaria edo Laurence Equilbey, espezialista handia errepertorio klasikoan eta Insula Orchestra eta Accentus koroa lako alkarte ospetsuen sortzailea. Edota Marco Armiliato; Omango operan harekin lankidetzan aritu ginen eta zirrara handia eragin zion orkestrari. Gainera, bikotea eratuz, euren instrumentuetan erreferente diran emakume beterano bi: Elaine Douvas oboe-jotzailea eta Nancy Allen harpa-jotzailea. Julliard School-eko irakasleak dira biak eta bakarlariak METeko Orkestran eta New Yorkeko Filarmonikan, hurranez hurran.

Denporaldi berezi honetan, Bizkaiko abesbatzen munduak presentzia garrantzitsua behar eban eta horregaitik, gorago aitatutako Bilboko Koral Alkarteagaz batera gure ospakizunean izango ditugu San Juan Bautista Abesbatzako gazteak eta Ondarreta Abesbatza, Amancio Pradaren Cántico espiritual desiatuagaz. Oso hitzordu berezia, gure Gabonetako egitarauan berreskuratu doguna.

Gure ganberako denporaldiak, barriz, 11 kontzertu izango ditu, 2021eko urtarrilean bertan behera itxitako egitaraua berreskuratu egingo dalako.

Denporaldi sinfonikora gonbidatutako bakarlarietako batzuen ganberako jarduna eskaintzen jarraituko dogu Bakarlari handiak errezitaldian zikloaren bidez: Lester Lynch baritonoa izango da protagonista, Erik Nielsenek pianoan lagunduta; Amancio Pradaren kantuak, bere gitarreagaz eta Teresa Valente gure biolontxelo-jotzailea lagun; eta Asier Polo, ganberako musikearen interpretatzaile bikaina, BOSeko musikariakaz alkarlanean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu