'Zerua' eta 'Gaua' abestiak plazaratu ditu Garik

Bizkaie! 2021-06-15 09:16   Musikea

Bideoklipa be zabaldu dau sareetan.

Disko barririk ez, baina abesti biko bildumatxua aurkeztu dau Iñaki Garitaonaindia, Gari, musikariak: Zerua eta Gaua dira, bere alderdirik intimoetan arakatzeko erabili dituan pieza bi, ikutu elektroniko gehiagodunak, baina gitarrak eta pop-rock estiloa alboratu barik. Gari & Maldanbera bandako kideakaz batera, Borja Barrueta eta Aitor Etxebarria izan ditu lagun proiektu txiki honetan. 

Alkarregaz lotuta datoz Zerua eta Gaua, biak dira Gariren ikuspegirik personalenaren erakusgarri. Baina, era berean, alkarren kontrako pieza bi be badira: bere nortasunari uko egin barik, arpegi bat baino gehiago erakusteko gauza da Gari. Zerua kantuan, Juan Luis Zabalak lagundu deutso berbak idazten.

Honeek kantu biok ez dira disko barri baten aurrerapena, Garik ez dauelako lan barririk argitaratzeko asmorik, oraingoz. Azaldu dauenez, Maldanbera bandeagaz segiduko dau, azken urteotan landutako bidean sakontzen. 

Zerua kantuaren bideoklipa be aurkeztu dau Garik. Aitor Oñederrak zuzendutako ikus-entzunezko honetan, Unai Mimenzak, Jon Agirrezabalagak eta Xabi Egiak egin ditue konponketa teknikoak, eta diseinua Ibon Gaztanbiderena da. Tio Pete estudioan egin ditue grabazinoak.

Ikusi bideoklipa hemen.

1980ko hamarkadea gogora ekarten dauen estetikadun bideoklip honetan, Gari dago lehenengo planoan eta Itxaso Sánchez Garmendia eta Xanti Agirrezabala aktoreak be agertzen dira. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu