Bilboko Kalealdiak Euskadiko zazpi estreinaldi dakarz
2021-06-15 08:34 KultureaBertoko kulturea eta Euskadiko lehen mailako proposamenak babestea da asmoa
Bilboko XXII. Kalealdiaren aurkezpenean izan dira Gonzalo Olabarria, Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantzako zinegotzia eta Pedro Ormazabal Jaialdiaren Zuzendaria. Programazinoaren zatitxu bat eskaini dau Malas Compañías Zirko Taldeak, Zirkus, hain zuzen be; Zirkus ikuskizunak Compañía Amateur del Club Deportivo handiaren gorabeherak dakarz, euskal zirkuaren historiako atal eder bat berreskuratzeko asmoz. Karakoil Production konpainiak be parte hartu dau Casilda Iturrizar parkean ikusgai egongo dan instalazio artistikoaren lagin txiki bat erakutsiz.
Bilbok antzerkiaren zein kaleko arteakaz gozauko dau, zeozelan normaltasuna berreskuratuko dauen jaialdi honi esker. Ohiko egunetan izango dira ekitaldiak eta nazinoarteko konpainia ospetsu asko urira bueltauko dira edizino biribil batean parte hartzeko, estreinaldi ugarigaz, azpimarratu dau Gonzalo Olabarriak.
Aurtengo programazinoan, kultureak, antzerkiak eta arte eszenikoek kaleak konkistauko ditute eta protagonista izango dira udako lehen egunetan: dekorazino- eta arte-instalazinoez edo bitartekaritza Laborategia-prozesuak, jantzak, zirkoa edo antzerkia.
Jaialdia zortzi agertokitan ikusi ahal izango da: Casilda Iturrizar parkean (sei kokapen); baita Arriaga plazan, Arenala, Arenaleko kaian, Gasa plazan, Arenaleko aterpeetan eta UPV/EHU Bizkaia Aretoan be.
Casilda Iturrizar parkearen kasuan, antzezpen eremua gehiago edegiko da, Arte Eder Museoaren eremuari Pergolearen eremua gehituz. Gainera, aurreko edizinoetan Plaza Barria beteten zituen jarduerak Gas Plazara pasuako dira eta Arriaga Antzokiaren atzealdekoak Arenaleko Aterpeen eremura eroan dira. Kokapen barri horreen bidez, jentea espazio zabalagoetara joatea lortu nahi da, sakabanaketa handiagoa egon daiten, behar dan segurtasun-distantzia bermatzeko.
Euskal konpainiak
Bilboko Kalealdiak gogor egin dau euskal konpainien presentziaren alde eta karteleko 28 konpainietatik, 12 euskaldunak dira, Jaialdiak bertoko kultureari eta Euskadiko konpainiek sortzen eta bultzatzen dituen kalidadeko proposamenei aukerea emonez. Hamabi konpainiak dira Rojo Telón, Maite Guevara, Boni eta Juan Palomo, Amaia Elizaran, Hortzmuga Teatroa, La Pez Konpainia, Malas Compañías Zirko Taldea, Harrobi, Eva Guerrero CIA, Deabru Beltzak, Kolektivo Konika eta Ertza. Horreekaz batera, Bizkaiko uriburura munduko 9 konpainia etorriko dira Frantzia, Portugal eta Brasil; Andaluzia, Katalunia, Gaztela eta Leon eta Madrileko konpainiak be badagoz. Horreek guztiak Europako jaialdi onenetan egon dira eta dagoz.
Jaialdia bagilaren 28an hasiko da
Kalealdia Casilda Iturrizar parkean hasiko da bagilaren 28, 29 eta 30ean, Boni eta Juan Palomoren proposamenakaz eta Karakoil Production-en El jardín de las mil y unas noches instalazino artistikoagaz inaugurauko da, 17:00etan.
Lehen eguneko arratsaldean, Rojo Telón, Delá Praká CÍA., Jean Philippe Kikolas eta Maite Guevara konpainiaren txandea be izango da.
Gauean, 22:00etan, Arriaga Plazan, Compagnie nº8-k Garden Party aurkeztuko dau.
Ondoren, garagarrilaren 1, 2an eta 3an, jaialdia beste agertokietara zabalduko da, UPV/EHUko Bizkaia Aretora edo Alde Zaharrera.
Estreinaldiak
Rouge Eleak On est là tout va bien estreinauko dau, 10 urtetik gorakoentzako zirku eta jantza-proposamena, garagarrilaren 1ean, 17:30ean, Plaza Barrian.
Bestetik, Karakoil Production konpainiaren El jardín de las mil y una flores be nabarmendu behar da, izan be, instalazino horretan, Casilda Iturrizar parkea ikerketa-laborategi bihurtzea erabagi dabe bagilaren 28, 29 eta 30ean.
Munduko estreinaldiak izango dira: La Pez Konpainia Secreto nº12 ikuskizunagaz (Doña Casilda Iturrizar Parkean, bagilaren 30ean, 18:45ean); Harrobi Harria Herria-gaz (garagarrilak 2, 22:00etan, UPV/EHU Bizkaia Aretoan); Hortzmuga Teatroa Nor bere lekura, prest… egaz (Arenaleko aterpeetan, garagarrilaren 3an, 19:00etan); eta Ertza Dye, dye, dye-gaz (garagarrilak 3, Arenaleko aterpeetan, 17:00 eta 21:00etan).
Euskadiko estreinaldiei jagokenez, sei konpainia helduko dira lehen aldiz Euskadira:
Lehenengoa Dela Praká frantziar-brasildar konpainiaren eskutik etorriko da, Maiador aurkeztuko dauena Doña Casilda parkean (Arte Eder Museoaren Eremuan) bagilaren 28an, 18:00etan eta 20:15ean. Egun horretan bertan, Compagnie Nº 8 konpainia frantsesak Garden Party ikuskizuna aurkeztuko dau 22:00etan, Arriaga plazan.
Libertivore frantziarrek saio bi egingo ditue bagilaren 29an eta 30ean, Doña Casilda parkean, 18:00etan eta 20:00etan, Phasmes zirku metafisikoaren proposamena erakusteko; Pia konpainia portugaldarrak O2 Oxygen eskainiko dau bagilaren 29an, 22:00etan, Arenalean; eta Madrilgo Trocos Lucos garagarrilaren 1ean eta 2an Arenaleko Kaian izango dira Tartana eskaintzeko 18:15ean eta 18:30ean, hurranez hurran.
Garagarrilaren 1ean eta 2an, 18:00etan eta 20:30ean, Alta Gama CÍA Arenaleko aterpeetan izango da Mentir lo mínimo proposamenagaz.
Euskadin azken estreinaldia Miquel Barcelona katalanarena izango da: Garagarrilaren 3an, 22:00etan, [Kórps] erakutsiko dau Arriaga plazan. Diziplina anitzeko proposamen eszeniko horren bidez zarratuko dau jaialdia.
Bitartekaritza Laborategia
Europako Zeharkaldia-Zirkuko Pirinioak proiektuaren barruko Bitartekaritza Laborategiaren proposamenak eskainiko dira; proiektu honek zirku garaikidearen sortu eta zabaltzea sustatzen du Pirinioetako mugaz gaindiko eskualdeetan. Esangura horretan, La Pez Konpainiak Euskeria-gaz (Bilboko Koral Elkarteko Gazte Korala) eta NEVIPEN alkarteagaz eta Hortzmuga Teatroak ADEMBI alkarteagaz egindako proposamenez gozau ahal izango da.
Sarrerak
Jaialdiko proposamenetako batek bakarrik beharko dau sarrerea: Jean Philippe Kikolasen Calor ikuskizunak, izan be, sarrerak salgai ditu 3 euroan. Batutako guztia ADEMBI Bizkaiko Esklerosi Anizkotxaren Alkarteari emongo jako.
Bilboko Kalealdiaren gainerako programazinoa doban da, baina esteka honetan eskuragarri dagoan gonbitea beharko da, jarduera bakotxa hasi baino 48 ordu lehenago lortu ahal izango dana.
Babesleak
INAEM, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila dira babesle nagusiak, baita Metro Bilbao eta Ikei Group Comunicación be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!