San Joan Gurutzekoren testu guztiak euskeraz argitaratu ditue

Bizkaie! 2021-06-15 08:28   Euskerea berbagai

Luis Baraiazarrak egin dau itzulpena, eta Gontzal Mendibilek pasarte batzuk musikatu ditu. 

Gontzal Mendibil eta Luis Baraiazarra, liburuaren eta diskoaren aurkezpenean (argazkia: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

XVI. mendeko literaturearen klasiko bihurtu dan San Joan Gurutzekoren obra osoa euskeraz irakurri leiteke dagoeneko, Luis Baraiazarrak egindako itzulpenari esker. Euskaltzaindiak plazaratu dau San Joan Gurutzeko. Idazlan guztiak izeneko liburua, aurrerantzean zaleen erreferentziazko argitalpen izateko datorrena. 

Lehenagotik be egon dira San Joan Gurutzekoren testu batzuk euskerara itzulita, goi mailako itzultzaile eta idazleei esker. Besteak beste, Orixek, Lino Akesolok eta Santi Onaindiak heldu izan deutse zeregin horri. Luis Baraiazarrak egin dauen itzulpenak, baina, baditu berezitasun batzuk, orain arteko ahaleginak gainditzen dituenak.

Batetik, Baraiazarraren edizino honetan, San Joan Gurutzekoren idazlan guztiak datoz. Bestetik, jatorrizko testuen metrikea eta bertso-lerroen konbinazinoa gorde ditu Baraiazarrak. Hortaz, San Joan Gurutzekoaren obrea ezagutzeko orain arteko ahaleginik zabalena eta zehatzena da. 

Zeregin luze eta nekeza izan dan arren, Baraiazarrak gustura heldu deutso, gogoko dauelako San Juan Gurutzekoren idazteko erea. Ederra da santuaren obra osoa, bere errepikapen, ilungune eta guzti, aitatu dau. 

Liburuaren osogarri, Gontzal Mendibilek musikea ipini deutse Baraiazarrak itzulitako testu batzuei. Neugan bizi gabe biziz izeneko diskoan batu ditu Arratiako musikariak eta, Bilbon proiektua aurkezteko egindako ekitaldian, pieza bat jo dau. Baraiazarrarena txapela jarteko moduko lana dala deritxo Mendibilek. 

Euskaltzaindiak, Luis Baraiazarrak eta Gontzal Mendibilek egin daben lan honek laguntzaile ugari izan ditu, esate baterako, Herri Irratia eta Bizkaia Irratia, baita Bilboko Eleizbarrutia be. Azken honetako euskera arduradun Lontzo Zugazagak honako gonbidapen hau egin deutse irakurleei: poesiaren sakona hausnartuz eta kantuaren barrukotasuna gozatuz, sartu gaitezan itsaso eder horretara, bertako olatu erakargarrietan kulunkatzera.

Aurkezpen ekitaldian, ganera, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiria eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadu Lorea Bilbao egon dira. Euskaltzaindiaren ordezkaria Andres Urrutia burua izan da. 

San Joan Gurutzeko abade espainiarra (1542-1591) Juan de Yepes Álvarez izenagaz jaio zan, baina gerora hartu eban izendapenagaz egin da ezagun. Kristinautasunagaz lotutako mistikotasun esperimentalaren ordezkari nagusia izan zan, Santa Teresa Jesusenagaz batera. Alderdi literarioan zein filosofikoan egundoko eragina izan dau hurrengo mendeetan. Eleiza Katolikoaren Doktore izentau dabe, eta kanonizau egin eban Benedikto XIII.ak.

Erakundeetako ordezkariak, aurkezpenean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu