Bilboko Rekalde Aretoak 30 urte bete ditu

Bizkaie! 2021-06-11 13:53   Kulturea

Instalazinoak barrituko ditue, eskaintzea sendotzeko.

Hiru hamarkadako bidea bete dau Bilboko Rekalde Aretoak, eta jokera artistiko barrienei adi egoteko eta bertoko artisten erakusleiho izateko asmoari eutsi deutso denpora honetan guztian. Berez, zemendian beteko dira 30 urte Rekalde Zumarkaleko gunea edegi ebela, baina Bizkaiko Foru Aldundiak orain egin dau balantzea. Dana dala, zemendian be ospakizun berezi bat egiteko asmoa dabe.

Urteurrena aprobetxauta, Rekalde Aretoa aro barri baten sartu dala aurreratu dau Lorea Bilbao Kultura diputaduak. Espazioa barriztau eta egokitu egingo dabe, orain arteko eskaintzea indartu eta zabaltzeko asmoz. Bestetik, Iparragirre kalean be sarbidea izango dau laster.

Guggenheim Museoak, Arte Eder Museoak eta Azkuna Zentroak eratzen daben ardatzean bete-betean sartuko da Rekalde Aretoa, Iparragirre kaleko sarbidea egiten dabenean. Zalantza barik, Bilboko artearen bizkarrazurra izango danaren erdigunean dago aretoa, adierazo dau Bilbaok. 

1991n edegi ebenetik, Rekalde Aretoak 2.000 artistaren lanak erakutsi ditu, 150 erakusketa ingurutan. Lorea Bilbaoren esanetan, erreferente ukaezina da arte plastikoen eta ikusizko arteen panoraman. Nortasun dinamikoa eta bereizlea dauen espazioa. Urteotan guztiotan, arte-komunidadearen topaleku garrantzitsua izan da, ekosistema artistikoaren gune nagusia.

Euskal artearen izen ospetsuek hartu dabe aretoa 30 urtean: Chillida, Balerdi, Vicente Larrea, Agustin Ibarrola, Isabel Garay, Dario Urzay, Jesus Mari Lazkano, Mikel Lertxundi, Ignacio Goitia, Itziar Ocariz, Azucena Vietes, Naia del Castillo, Ixone Sadaba eta beste askok. 

Era berean, talentu gazteei be lekua egin deutse, besteak beste, Ertibil programeari eta sormen bekei esker. 2003tik Kabinete Abstraktua izenekoa dauka Rekalde Aretoak, artista gazteen obrak eta proposamen esperimentalenak eten barik erakusten dituan gunea. 

Rekalde Aretoaren lehentasunezko helburua da Bizkaian sortu eta lan egiten daben belaunaldien garapen artistikoaren lehen pausuetan laguntzinoa emotea, bertako arduradunek zehaztu dabenez. Hortaz, artista ezagunek eta hasten dabizanek, danek dabe lekua.

Erakusketen osogarri, berbaldi, bisita gidatu, tailer eta bestelako jarduera ugari antolatzen dira. Horri esker, Rekalde Aretoak onespena dau Bizkaiko eragile artistiko, aditu eta zaleen partetik, Foru Aldundiak nabarmendu dauenez. 

Bizkaiko kulturan Rekalde Aretoak itxi dauen arrastoa aitatu dau Lorea Bilbaok: Bizkaiko markea da, sortzen dabilen talentuarena, begiratzeko eta sortzeko modu garaikideena, baita aurreko belaunaldietako artistena be. Orain arteko bidea autortzea ezinbestekoa da, baina, hurrengo urteetan bide horri eusteko, egokitu egin behar dau Rekalde Aretoak. Horregaitik, bisitariakandik hurrago egoteko, laster Iparragirre kalera begira be egongo da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu