'Poltsikorako hitanoa' liburuxkea prest Durangaldean

Bizkaie! 2021-06-11 12:54   Euskerea berbagai

Berbeta hori eskualdean galtzear dala ikusita ekin deutse proiektuari.

Durangaldeko Berbalagun proiektuko kideak, euskerea praktiketako ohiko jarduerak antolatzeaz gan, hitanoa berreskuratzeko lanean dabiz, eskualdean gero eta jente gitxiagok erabilten dauela ikusita. Liburuxka formatuan dakarre orain nobedadea: Poltsikorako hitanoa, hika berba egiteko azalpen zabal baina errazez betea.

Alor askotako argibideak emoten ditue liburuxkan: hasteko, noiz eta nogaz erabili, hitanoa eremu informalerako modua da eta. Ondoren, Durangaldeko hitanoaren ezaugarriak datoz, aditz-taula eta guzti. Hitanoaren atzerakadeagaz arduratuta dagozan iurretar batzuek lagundu deutse berbalagunei liburuxkako edukiak atontzen.

Berbalagun proiektuaren barruan, 2020an sortu zituen Hiketalagun taldeak Durangaldean. Horreen berezitasuna da, taldeetako kideak alkarregaz hika egiteko batzen dirala. Proiektua martxan ipini eta berehala, 40 bat lagunek emon eben izena, baina, pandemiaren erruz, atzeratu egin eben hasteko eguna, eta uda osterako martxan egotea espero dabe.

Hiketalagun taldeetan hasi aurretik, hilebeteko ikastaroa emongo deutse parte-hartzaileei. Ikastaroan zein taldeetako jardueretan parte hartzea doban da. Poltsikorako hitanoa liburuxkea tresna lagungarria izango da egitasmoari ekin deutsen guztientzat.

Durangaldean hitanoa erabilteko ohiturea 70 urtetik gorakoek dabe batez be, Berbalagunekoek azaldu dabenez. Gazteagoen artean ez da hika askorik entzuten, salbuespenak salbuespen. Egoera horri bueltea emoteko eta hitanoa eskualdeko euskaldunen ahoetara eroateko asmoz datoz, beraz, Hiketalagun taldeak eta liburuxkea.

Hitanoa berreskuratzeko ahalegin hori guztia aurkezteko, bertso saioa antolatu dabe, bagilaren 20an, domekea, Iurretako plazan (18:00). Oholtzan, Eneko Abasolo Abarkas, Unai Iturriaga, Miren Amuriza eta Eli Pagola bertsolariek hika kantauko dabe, Maite Berriozabal gai jartzailearen aginduetara. Berbalagunek eta Iurretako Jai Batzordeak antolatu dabe saioa. 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu