EHUk Empar Pineda omendu dau UniDibersidade Egunean
2021-06-11 09:32 Pil-pileanFeminismoaren eta LGTBI mobimenduaren aitzindaria izan zan.
Sexu eta genero aniztasuna aldarrikatzeko antolatu dau EHUk UniDibersidade Eguna dalakoa. Protagonista nagusia Empar Pineda izan da, askatasunaren alde egindako lanagaitik eta Euskal Herrian feminismoaren eta LGTBI mobimenduaren aitzindarietako bat izateagaitik. Bilboko Hezkuntza Fakultadean egindako ekitaldian ezin izan dau egon Pinedak, osasunez makal dabilelako, baina haren senideek hartu dabe oroigarria.
Marta Luxan irakasleak jorratu dau Empar Pinedaren ibilbidea Bilboko ekitaldian. 1944an Hernanin jaioa, Francoren diktadurearen kontrako burrukeari ekin eutsan gaztetan, eta feminismoan zein LGTBI mobimenduan lehenengo erreferenteetako bat izan zan. Euskal Herrian ez eze, Madrilen eta Bartzelonan be aitzindari izan zan, ikasketak han egin zitualako.
Besteak beste, LGTBI kolektiboa, prostituten eskubideak eta emakume migranteak babestu izan ditu Pinedak. Berak dinoanez, aintzat hartzen ez diran baztertutako persona guztiak defendidutea ezinbestekoa da.
Bideo baten bidez emon deutsaz eskerrak EHUri gorazarreagaitik. Bikaina begitantzen jat unibersidadeak sexu eta genero aniztasuna errespetauko daben espazioak zabaltzea, adierazo dau bertan. Gaztetan bere ideak zabaltzeagaitik sufridu eban jazarpena be gogoan hartu dau: Madrilgo unibersidadetik bota ninduen nire militantzia antifrankisteagaitik. Hor jaubetu nintzan emakumeen egoeraz, eta emakumeen ikusezintasunaren kontrako burrukeari ekin geuntsan, feminismotik.
UniDibersidade Egunean omenaldia egiteaz gan, Empar Pinedaren eredua eguneroko lanean be gogoan izan nahi dau EHUk. Horregaitik, ekintzaile gipuzkoarraren izena daroen sariak sortu ditu, sexu eta genero aniztasuna kontuan hartzen dituen Gradu Amaierako Lanak eta Master Amaierako Lanak nabarmentzeko.
I. Empar Pineda Sarietan, euskerazko atalean, Maddi Erauskin Adarragak irabazi dau, Loratuz. Haurren sexualitate eta sexu hizketaren dibulgaziorako euskarri digitala izeneko Gradu Amaierako Lanagaitik. Akzesita Eva Perez-Pons Andraderi emon deutse, Bollera identitatetik subjektu politikoaren egituraketara: Hego Euskal Herriko bollera taldeen diskurtso eta praktiketara bidaia lanagaitik.
Gaztelaniazko modalidadean, Estíbaliz Cepa Rodríguezentzat izan da sari nagusia. Resiliencia, inteligencia emocional e identidad en lesbianas, gais y bisexuales (LGB) izeneko Master Amaierako Lana da berea. Akzesita Ander Lizarralde Arrietak eroan dau (Aproximación al drag desde una perspectiva antropológica, feminista y queer).
Bestetik, Film Laburren UniBiodibersidade lehiaketan, lehen saria (350 €) Maider García Merinorentzat izan da, No deberías pelikuleagaitik. Akzesitak emon deutsez Ane Zugaza Goienetxea eta Ane Martinez Juezen Maverique-ri eta Asier Fuentes Ajuriaguerraren Ni ere bai-ri.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!