'Asmamenaren Ildoa', Bilbon

Bizkaie! 2021-06-11 08:05   Kulturea

2021eko bagilaren 11tik 2022ko zezeilaren 6ra.



Erakusketara batutako egileek ezohiko materialak eta teknikak erabilten ditue, asmamenaren eta umorearen adierazpen legez konbentzino estetikoei modu ludikoan desafio eginez.

Guggenheim Bilbao Museoak Asmamenaren Ildoa aurkeztu dau, Museoaren Bildumako obra-bilduma bat, epe luzerako maileguan dagozanak, asmamen handikotzat eta esperimentaltzat jo daitekezanak. Erakusketa honek belaunaldi desbardinetako artistak batu ditu eta Bildumako pieza adierazgarri batzuk hartzen ditu, apenas ikusgai jarriak, publikoarentzat ezagunagoak diran beste batzuekaz batera. Egileek, jakinguraz erabilten ditue ezohiko materialak eta teknikak eta euretako askok, modu ludikoan, asmamena eta umorea aditzera emonda, desafio egiten deutsee konbentzio estetikoei.

Asmamenaren Ildoa Lekha Hileman Waitoller arte-arduraduna komisario dauen lehenengo erakusketea da, Art Institute of Chicagotik etorria, 2019ko urrian hasi zan Guggenheim Bilbao Museorako lanean.

305 aretoa

Gaika antolatua, lehenengo aretoa artistearen estudioko ohiko testuingurutik kanpo sortutako obrei eta ezohiko prozesu artistikoei eskainia da. Areto honetako obra batzuek ezusteko moduan hartzen dabe espazioa; horren adibide da Cristina Iglesiasen Titulurik bakoa (Alabastrozko gelea, 1993), aretoko bazter baten arkitekturea bere barruan hartuz. Obrearen alabastro zeharrargizko xaflak airean dagoz, mutur bietan makurtuta eta aldi berean inguruan daben argia, baita espaziokoa be, aldarazoten dabe. Alyson Shotzen Gogoeta-objektua (Object for Reflection, 2017), barriz, altzairuzko uztaiez lotutako aluminio zulatuzko hamaika piezez osotua da. Urrutitik, eskultura astun eta handi bat dirudi objektuak, baina arretaz begiratu ezkero zein zeharrargia eta malgua dan materiala jaubetuko gara, izan be, obra honek instaletan danean baino ez ditu hartzen ditu hiru dimensinoak.

Hichiko Happo (2014) obra prozesu artistikoaren adibide berezia da, Yoko Onok 2014an Guggenheim Bilbao Museoak eskaini eutson atzera begirako erakusketea zala eta sortu eban pintura hau. Artisteak zazpi zori eta zortzi altxor esaldia pintau eban japonieraz obrea osotzen daben bederatzi mihiseen gainean. Onok Sumi tinta baltza erabili eban bizitasun handiko keinuetan.

Bestalde, Peter Fischli eta David Weiss artisten Gauzen norabidea (Der Lauf der Dinge, 1987) piezan, katean sorrarazoten dan erreakzino zinematikoak mobimentu etenbako baten irudipena sortzen dau material arrunten bidez.

306 aretoa

Erakusketearen bigarren aretoan obra figuratiboen bildumea ikusi daiteke, artistek giza formearen gaiari heltzen deutsen modua irudikatzen dituen obrak. Areto honetara batutako egileetako batzuek erabili daben estrategia seriean egindako errepetizinoena da, mihise bat baino gehiagotan edo konposizino bakar batean. Obra horreek, berrogeita hamar urteko denpora-tartean sortuak, agirian jarten ditue figurazinoari heltzeko modu desbardinak, irudikapenaren azpian dan esperimentazino formala eta kontzeptuala ezagutzera emonez.

Erakusketearen barruan Georg Baselitzen Lenin andrea eta urretxindorra (Mrs. Lenin and the Nightingale, 2008) hamasei mihisez osotutako sail ikonikotik egindako hautaketa bat dago ikusgai. Mihise handi eta espresiboez osotutako sail honetan Baselitzek azpikoz gora aldatu eban erretratuaren genero tradizionala figurak alderantziz irudikatzerakoan. Sail honetako obren erdiak kolore biziakaz pintautako personaiak erakusten ditue, hondo zuri baten aurrean; beste erdiak, barriz, tonu gris eta urdinxketan irudikatzen ditue. Baselitzek inoan bere obretan irudiak alderantzikatuta pinteteak behatzailearengan urruntasuna sorrarazoteko balio eutsola, harek arreta handiz behatu behar ebalako edukia. Koadro horreek abstrakzino bat lortzen dabe, nahiz eta osogai figuratiboari eutsi.

Espazio honetan bertan, emakume irribarretsuen pintura batzube badagoz, Alex Katzen Irribarreak (Smiles, 1994) saila osotzen daben hamaika mihiseetatik hautatuak. Katzek behin eta barriro erabilten ditu figurearen motiboa, kolore lauakaz egindako erretratua, pinturearen espazio ez oso sakona eta lerro soilak, baina sano deskribatzaileak, hondo monokromo baten aurrean. Haren gaiak tresna bat dira artista honentzat, irudiaren eta hondoaren arteko dikotomia tradizionalaren inguruko ikerketa artistiko bat egiteko. Artistaren helburua ez da modeloen nortasuna deskribidutea, hausnarketa sakonagoa eskaintzea baino.

307 aretoa

Azkeneko aretoan, obra abstraktuak asmamen handikoak dira metodoetan eta materialetan. Egile batzuek material ezohikoak erabilten ditue, besteak beste, pintura komertziala, zeramikak, edo arbela eta klerea.

Julian Schnabel 1979an hasi zan plater apurtuen pintura bereizgarriak ikusgai jarten.

Erlea Maneros Zabalaren lanak hedabideek narratiba garaikideen osoeran beteten daben zeregina arakatzen dau: 2013ko Euskal grafia; tipografia eta apaingintzea: 1961–1967 (Basque Graphics; Typography and Ornament: 1961–1967).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu