UEMAko herrietan, pediatren herenak ez daki euskeraz

Bizkaie! 2021-06-10 10:32   Euskerea berbagai

Udalerri euskaldunetako osasun zerbitzuen euskalduntzean ez da hobera egin azken urteotan.

UEMAko ordezkariak azalpenak emoten (argazkia: Eusko Legebiltzarra) | Ikusi handiago | Argazki originala

UEMAko ordezkariek agerraldia egin dabe Eusko Legebiltzarrak Gasteizen dauen egoitzan, mankomunidadeko kide diran udalerrietan emoten dan osasun arreta publikoan euskaldunen hizkuntza eskubideak beteten ete diran aztertu dauen txosteneko emoitzak aurkezteko. UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok eta txostena egin dauen Garikoitz Goikoetxeak egin dabe berba Osasun Batzordeko legebiltzarkideen aurrean.

UEMAren parte diran 90 udalerrietan dabizan osasun langile gehienak euskaldunak diran arren, Garikoitz Goikoetxeak legebiltzarkideei ohartarazo deutse azkenaldion ez dala aurrerapenik egin alor horretan. 2018an egin eben honen aurreko txostena, eta hobekuntzarik ez da ikusten haren eta gaur egungoaren artean. 

Osakidetzari jagokozan zerbitzuen datuak emon ditu UEMAk agerraldian, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoak, berez Euskal Herri osoko azterlana dan arren. Nafarroako datuak hango parlamentuan azaldu zituen abenduan.

Osakidetzak UEMAren eremuan daukazan 559 lanpostuetatik, hizkuntza eskakizuna zehaztuta dabe ia guztiek, 548k. Baina teoriatik praktikara aldeak dagoz, behargin askok ez dakielako euskeraz, euren lanpostuan eskakizuna izan arren. Bostetik bat, 106 osasun langile, ez dira euskaldunak. 

Pediatren kasuan txarragoa da datua. Hirutik batek ez daki euskeraz, eta, beraz, ezin deutse umeei eta hareen familiei euskerazko arretarik emon. Pediatria zerbitzuak euskeraz izatea funtsezkoa da UEMAko herritarrek euskeraz biziteko hartu daben erabagia bermatzeko.

Gai horrek egonezin handia sortzen dau udalerri ugaritan, eta hizkuntza eskubideen urraketa nabarmena dira, azaldu dau UEMAk Legebiltzarrean. Udal batzuek, azken hilotan, mozinoak be onartu ditue euskerazko pediatria zerbitzua eskatzeko.

Oinarrizko zerbitzuak ez eze, bigarren eta hirugarren geruzakoak be aztertu ditue txostenean, hau da, lehen arretako zentroak eta ospitaleak. Udalerri euskaldunetako biztanle askok beste herri edo uri batzuetara jo behar izaten dabe halako arretea jasoteko, eta hor hizkuntza eskubideak ez dira horren bermatuta egoten. 

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ospitaleetan, esate baterako, lanpostuen % 36k dabe euskerazko hizkuntza eskakizuna. Hizkuntza eskubideak egunero urratzen dira ospitaleetan, UEMAren arabera. 

Dana dala, Nafarroako Osasunbideagaz konparauta, Osakidetzako egoerea nabarmen hobea dala azaldu dau Goikoetxeak, azken urteotan Euskal Autonomia Erkidegoan hizkuntza politiketan egin dan ahaleginaren erakusgarri. UEMAko Iraitz Lazkanok txalotu egin dau EAEko administrazinoakaz alkarlanean egindako bidea.

Osasun zerbitzua euskeraz jasotea herritarren eskubidea da eta, beraz, erakunde publikoen obligazinoa, dino Garikoitz Goikoetxeak. Eskubideok bermatzeko pauso handiak egin dira azken hamarkadotan, baina egunero urratzen dira eskubideak oraindino. Behargin zaharrek erretiroa hartu eta belaunaldi gazteak sartzen diran neurrian, euskaldun gehiago egoteko aukerea aitatzen dau txostenak, hezkuntza sistematik hasita, edo euskeraz ez dakien profesionalei ikasteko laguntzinoa emonda. 

Irakurri txostena hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu