Nikolai Luganski pianistea, Euskadiko Orkestrearen denporaldiaren amaieran

Bizkaie! 2021-06-09 13:56   Musikea

Bagilaren 11tik 17ra izango dira azken hamar kontzertuak.

Nikolai Luganski pianistea (argazkia: Euskadiko Orkestrea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskadiko Orkestrearen denporaldirik gatxena amaituko da hurrengo egunotan, Robert Treviño zuzendari titularrak gidatuko dauen hamar kontzertuko programeagaz. Schönberg, Mendelssohn eta Rakhmaninov konpositoreen piezak entzun ahal izango dira Donostian, Iruñean, Bilbon eta Gasteizen. 

New York izenburudun programa honetako konbidadu nagusia Nikolai Luganski pianista errusiarra izango da, Rakhmaninoven musikea ondo baino hobeto ezagutzen dauen artistea. Bost urte zituanean hasi zan Beethovenen piezak joten eta, Moskuko Eskola Nagusian eta Konserbatorioan ikasketak amaituta, lehiaketak irabazten hasi zan 1980ko hamarkadan.

Bere ibilbide luzean orkestra ezagunakaz jo dau Luganskik. Euskadiko Orkestreagaz entzungo dogun hirugarren aldia izango da honako hau. 

Egitarauko kontzertuak zati bitan banatu ditue, 1. eta 2. programetan hain zuzen. Lau urietan entzun ahal izango dira programa biak, ordu diferenteetan. 1. programan, Schönbergen Gau itxuraldatua eta Rakhmaninoven Paganiniren tema baten gaineko rapsodia piezak joko ditu Euskadiko Orkestreak; 2. programan, Rakhmaninoven piezea entzungo da barriro, baita Mendelssohnen 3. sinfonia be.

Egun bakotxean kontzertu bi egongo dira, lehenengoa 1. programea joteko eta bigarrena, 2. programarako. Donostiako Kursaalean bagilaren 11n eta 14an dira hitzorduak, Iruñeko Baluarten 15ean, Bilboko Euskaldunan 16an eta Gasteizko Principalen 17an. 

Informazino gehiagorako eta sarrerak erosteko, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu