Iradier Arenara helduko da 44. Gasteizko Jazzaldia

Bizkaie! 2021-06-09 12:53   Musikea

Garagarrilaren 14tik 18ra egingo dabe.

Egitaraua aurkezteko agerraldia (argazkia: Gasteizko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Igaz pandemiaren eraginez bertan behera itxitako edizinoa aurten egingo dabe, garagarrilaren 14tik 18ra, jazz munduko musikari ezagunak eta bertoko talentuak Arabako zaleei hurreratzeko asmoz. 44. Gasteizko Jazzaldiaren nondik norakoen barri emoteko agerraldian antolatzaileek azaldu dabenez, Iradier Arena izango da festibalaren erdigunea, kontzertu nagusiak bertan egingo ditue. 

Barrikuntzea da Iradier Arena agertokien artean sartu izana, baina edukiera aldetik abantailak ekarriko ditu. Ganera, leku klasikoagoak be ez ditue baztertuko, ze arratsaldeko kontzertuak Principal Antzokian izango dira. 

Jazzaldia udako ezinbesteko ekitaldietako bat da gure urian, oso pozik gagoz berreskuratu ahal izan dogulako, adierazo dau Gasteizko Udaleko zinegotzi Estibaliz Cantok. Gasteizko Jazzaldiaren zuzendari Iñigo Zaratek ganeratu dauenez, pandemiaren bilakaereari esker aurtengo edizinoa antolatzea erabagi dabe, eta, ganera, nazinoarteko artistak ekarteko modua izango dabe.

Cantogaz eta Zarategaz batera, jaialdia aurkezteko ekitaldian egon dira erakunde publikoetako ordezkariak: Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiria, Arabako Foru Aldundiko Kultura diputadu Ana del Val eta, babesleen izenean, Kutxabankeko José Luis Baztarrica eta Vital Fundazinoko Axier Urresti.

Egitarauko artisten artean, Antonio Sánchez mexikarra, Thumbscrew estadubatuarrak eta Maciej Obara laukotea aitatu ditue antolatzaileek, Anne Paceo, Itamar Borochov, Kathrine Windfeld eta beste hainbat ahaztu barik. Arretaz hautatutako hainbat jazz interpretegaz batera, talentu barriak ezagutzera emotea eta musika estilo horri leial izatea lehenesten dauen programea da.

Iradier Arenako agertoki barrian eguerdietan eta iluntzeetan gozau ahal izango dabe entzuleek jazz eszenako artista esanguratsuen trebetasunaz. Eguerdietakoa saio bikotxa izango da, ganera. Iluntzeetako egitarauan, igazko edizinoan jotekoak ziran izen handi bi agiri dira, lehen aitatutako Anne Paceo eta Antonio Sánchez. Goizetakoa publiko gaztearentzat aproposa izango da.

Arratsaldeak, ostera, Principal Antzokiko programeak beteko ditu. Proposamen fresko eta barritzaileen momentua izango da, Miguel Salvador, Gonzalo del Val, CMS Trio, Maciej Obara eta abarren eskutik. 

Sarrerak datorren asteko martitzenean ipiniko ditue salgai. Estibaliz Canto zinegotziak deia egin deutse musikazale guztiei, Gasteizen garagarrilean antolatuko daben jaialdi oparo horretara joan daitezan: Proposamen oso interesgarriak doguz, era askotakoak, eta arimea elikatzeaz gan, Gasteiz suspertzen lagunduko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu