Testu zahar bi argitaratzen lagunduko deutso Nafarroako Gobernuak Euskaltzaindiari
2021-06-09 09:15 Euskerea berbagaiLankidetza hitzarmena sinatu dabe erakunde biek Iruñean.
Euskerea garatu eta aztertzeko, lankidetza hitzarmenaren luzapena sinatu dabe Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak Iruñean. Besteak beste, XVI. mendeko mezea entzuteko eskuliburu elebidun bat eta 1790-1807eko Goizuetako gutun batzuen bildumea argitaratuko ditue akordioari esker, Nafarroako euskerearen historia argitzen laguntzen daben harribitxi bi.
Ana Ollo, Nafarroako Gobernuaren Herritarren Hartu-emonetarako kontseilaria, eta Andres Urrutia euskaltzainburua egon dira lankidetza hitzarmena sinatzeko ekitaldian. Bertan gogoratu dabenez, erakunde bien arteko alkarlana aspaldikoa da, ze, 1918an Euskaltzaindia sortu zanean, Nafarroako Foru Diputazinoa izan zan bultzatzaileetako bat.
Juan de Beriain, 1566an jaioa, Uterga herriko abadea izan zan XVI. mendean. Mezea entzuteko eskuliburu elebiduna idatzi eban, gaztelaniaz eta euskeraz, sasoi haretan Iruñerrian hareek ziralako herritarren hizkuntza biak. Tratado de como se ha de oyr missa, escrito en Romance y Bascuence, lenguages de este Obispado de Pamplona dalako haren faksimilea argitaratuko dabe orain.
Bestetik, Jose Ramon Minondoren euskerazko gutun batzuk topau dira Goizuetan. 1790 eta 1807 urteen artean idatziak dira, eta Euskaltzaindiak argitara emongo ditu orain, Nafarroako Gobernuaren laguntasunagaz.
Nafarroako orain dala mende batzuetako euskerea, pentsakerea eta historia ulertzen laguntzen daben horreek argitalpen biak atontzeaz gan, Euskaltzaindiaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko hitzarmenak beste onura batzuk be ekarriko ditu: Joakin Lizarragaren lexikoa ikertu eta aztertzea; oikonimiarako erreferentzia izango dan esparru teknikoa atontzea; Euskaltzaindiaren Onomastika Batzordera edo Nafarroako ordezkaritzara heltzen diran eskariak bideratzea eta txostenak prestetea; Euskal Corpus Onomastikoari jagokozan lanak egitea; eta Orotariko Hiztegiaren 2021eko programan parte hartzea.
Zeregin horreetako batzuk Euskarabidea erakundearen bidez landuko ditu Nafarroako Gobernuak. Hitzarmenean adosten da Foru Gobernuak 190.000 euro emongo deutsazala Euskaltzaindiari, aitatutako lan guztiak egin deizan.
Andres Urrutiak zera esan dau: Hitzarmen honen bidez sustatuko dira Euskaltzaindiak ehun urte geroago indar eta gogo osoz hartzen dituan erronka barriak, besteak beste, digitalizazinoa, ezagutzearen transferentzia, jenteagaz hartu-emonak eta zerbitzua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!