Víctor Jiménez & Friends eta Patricia Kraus, Getxon
2021-06-09 08:49 Musikea44. Getxo Jazz, bagilaren 30etik garagarrilaren 4ra.
Getxo Jazza kultur programazinora bueltauko da aurten, batez be estaduko artista eta bandak ardatz dituan kalidade handiko artistakaz. Askotariko erritmoen bidez hurreratuko deutso jenteari generoa, soinu klasikoak, jazz flamenkoa, musika latinoa zein beste eragin batzuk tartean, hori guztia lau kontzertu muetatan atonduta: Kontzertu Nagusiak Muxikebarrin, Talde Lehiaketea, Hirugarren Milurtekoa eta Familientzako Kontzertuak, Biotz Alai plazan.
Jazzaldia aurkezteko prentsaurrekoan, Amaia Agirre Getxoko alkatea pozik agertu da jaialdia bueltan datorrelako eta azpimarratu dauenez, kulturea gure nortasunaren ezaugarrietako bat da eta horregaitik, poz handia da jazz erritmoak publikoari barriro be hurreratzea. Era berean, nabarmendu dau jazzaldiak Getxo Euskadiko abangoardia kulturalera eroaten dauela.
Lorea Bilbao Euskera, Kultura eta Kirol Saileko foru diputaduak adierazo dauenez, 40 urte baino gehiagoz, Getxok munduko leku askotatik ekarri du jazza, eta edizio bakoitzean onena erakutsi du, bai nazioarte mailan, bai Euskadin, eta musika hitzordu horrek gure lurraldeko kultur agendea aberasten dau. Bestalde, Iñaki Saitua ekitaldiaren arduradunak jazzaldia egungo egoerara egokitzeko egindako ahalegina azpimarratu dau, kalidadea, musika aniztasuna eta gaztetxoentzako babesari eutsiz.
Getx Jazz 2021eko kontzertu nagusiei jagokenez, Javier Colinak edegiko dau aurtengo edizinoa. Hurrengo egunean, The Cuban Jazz Syndicate taldeak joko dau, Espainian bizi diran musikari kubatar onenetakoek osotutako boskotea.
Maria João - Carlos Bica Quartet izango da jaialdiaren hirugarren egunean. Portugalgo jazzaren izen handi bi.
Laugarren egunean, Chano Domínguez eta Martirioren saioa hartuko dau jaialdiak.
Proposamen horri gehitu behar jakoz Taldeen Lehiaketaren finalera iheldu diran lau taldeak eta, horrezaz gan, Europako jazz gaztearen lanaz gozau ahal izango dabe ikusleek,
Sarrerei jagokenez, Bonuak eta kontzertu solteetarako sarrerak jarriko ditue salgai:
Talde Lehiaketako kontzertuetarako 20 euroan salgai.
Kontzertu Nagusiak: 60€
Kontzertu solteterako sarrerak: 5-18 euro artean.
Hirugarren Milurtekoa eta Familientzako Kontzertuak doban izango dira.
Apirilaren 19tik salgai.
Kontuak kontu, bagilaren 30ean, Víctor Jiménez & Friends eta Javier Colina laukoteak ekingo deutse Getxo Jazzi; Colina egungo europar eszenako kontrabajurik onenen artean dago, Ariel Bringuez saxofonisteak, Pablo Gutierrez pianisteak eta Daniel García Bruno bateriak lagunduta.
Garagarrilaren 3an, Chano Dominguezek eta Martiriok Ignacio Villa Bola de Nieve pianista kubatarra omenduko dabe.
Jaialdia zarratzeko, barriz, ibilibide luze eta emonkorreko Carles Benavente, Tino Geraldo eta Jorge Pardo hirukotea hautatau dabe atontzaileek; eurekaz batera, Niño Josele gitarristeak be joko dau.
Informazino gehiago eta egitaraua hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!