Ikergaztek 200 ikertzaile batuko ditu Gasteizen
2021-06-09 08:07 Euskerea berbagaiBagilaren 9tik 11ra izango da kongresua.
Euskerazko ikerlariek egiten daben lana ezagutzeko eta alkarren arteko hartu-emonak sendotzeko hitzordua izango da UEUk antolatutako IV. Ikergazte, gaur, bagilaren 9an, hasita. Biltzarraren izenak dinoanez, ikertzaile gazteak izango dira protagonista Gasteizko Europa jauregiko aurkezpenetan, barikura arte.
Urte birik behin antolatzen dan biltzar zabal honek oztopo handiak gainditu behar izan ditu 2021eko edizinoan, pandemia dala eta. Aurreko aldietan pentsauezinak ziran osasun neurriak hartu dituen arren, topaketea ahalik eta normaltasun handienaz egitea da asmoa. Horregaitik, aurrez aurreko saioen alde egin dabe.
Une askotan kongresua aurrez aurre antolatzeko idea zalantzan jarri bada be, argi izan dogu Ikergazteren izakereak presentzialtasuna eskatzen dauela, adierazo dau Ikerbasqueko zuzendari Olatz Arbelaitzek.
Kontuak kontu, danetariko gaiak jorratuko ditue 200 ikertzaile gazte inguruk hurrengo hiru egunetan, euskeraz. Tesia oraintsu amaitu daben edo amaitzear diran ikertzaileak dira. Antolatzaileek 150 azterlanen aurkezpenak sartu ditue egitarauan, hau da, 58 ahozko aurkezpen eta 92 poster. Giza zientziak, gizarte zientziak, zientzia zehatzak, teknologia, arkitekturea eta osasuna dira ikergai nagusiak.
Ekitaldi instituzionalak zabalduko dau IV. Ikergazte, eguazten goizean, erakunde publikoetako eta UEUko ordezkariak bertan dirala. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek hartuko dau parte. Ondoren, ikertzaileen lanak ezagutzeari ekingo deutse, hainbat formatutan: aurkezpen zabalak, mikroaurkezpenak... Saio osogarrien artean, adituen berbaldiak eta ikertzaileen arteko topaketak atondu ditue.
Egitarau osoa hemen.
Kogresuaren amaieran, jakintza-alor bakotxeko lanik onenei sariak emongo deutsez, Gasteizko Udalaren laguntzinoagaz. Bestetik, Euskal Herriko garapenean ekarpen handiena egin dauen lanari sari berezia emongo deutso Udalbiltzak.
2015ean egin eben Ikergazte lehenengo aldiz, Durangon. 2017an Iruñean eta 2019an Baionan antolatu eta gero, aurten Gasteizera heldu da. Ikergazte bako biurtekorik ezin dogu irudikatu, erreferente garelako, azpimarratu dabe antolatzaileek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!