Euskerearen aldeko adostasuna agertuko dabe bagilaren 19an
2021-06-08 13:32 Euskerea berbagaiKontseiluak bultzatuta, alor askotako enpresa eta alkarteek egin dabe bat.
Hizkuntza politiketan eta euskerearen normalizinorako lanean, ziklo barri bati ekingo deutso Kontseiluak, euskalgintzako beste eragile batzukaz alkarlanean. Igazko abenduan egindako ekitaldian, Kontseiluak konpromisoa hartu eban, hizkuntza politiketan aurrera egiteko adostasun politiko eta soziala bilatzearen alde.
Adostasun hori gizarteratu eta euskerearen aldeko fase barriari ekiteko, agerraldi berezia egingo dau Kontseiluak bagilaren 19an, Donostiako Kursaal jauregian. Konpromisoagaz bat egin daben enpresa eta alkarteakaz batera egingo dabe, fase barriaren sinbolo.
Hilaren 19ko agerraldia aurkezteko ekitaldian, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaogaz batera, hizkuntza politiketan eragiteko ziklo barriaren aldeko konpromisoa hartu daben eragile batzuetako ordezkariak egon dira: Joanmari Larrarte (Elkar), Leire Elizegi (Bizipoza), Ander Etxeberria (Mondragon Taldea) eta Pilar Lekuona (Gipuzkoako Erizainen Alkargoa).
Abenduan hasitako prozesuan parte hartu daben danetariko eragileen erakusgarri dira horreek. Paul Bilbaok azaldu dauenez, bost hilez ibili dira gaia lantzen, batzarrak eta mintegiak antolatzen, eta pozik dagoz izandako harrereagaz. Ehun ekarpen baino gehiago egin deutsez eragileek jatorrizko dokumentuari.
Bagenkian ezin geuntsala bakarrik intuizinoari jarraitu, baina egia da alde askotatik ikusten dala hizkuntza politiketan saltoa egiteko sasoia dala, eta horretarako eragile sozialen arteko adostasunak lortu behar dirala, ganeratu dau Bilbaok.
Prozesuaren alderdi positibo bi nabarmendu ditu Kontseiluko ordezkariak. Batetik, Euskal Herri osoko ekarpenak jaso dituela, Ainhize-Monjolosetik Tuterara. Bestetik, eremu askotako eragileek hartu dabela parte, kirol-talde, abogadu, sindikatu, gazte-erakunde, aktibista, zientzialari, nekazari, hezitzaile eta abarrek. Horreen guztien adostasuna irudikatuko dau bagilaren 19ko agerraldiak.
Euskerea normalizetako pausuak euskalgintzaz kanpoko eragileakaz be adostu izana txalotu dau Joanmari Larrartek: Ohartuak gara, normalizazinoaren banderea euskalgintzeak eroan dauen arren, prozesua beste eragileakaz konpartidu behar dogula. Parte-hartzaileen ugaritasunak prozesua aberastu dauela dino Elkarreko ordezkariak, etorkizunera begira lan-molde barriak ekarri beharko ditu.
Erizainen Alkargoko Pilar Lekuonak azaldu dau euren eguneroko lanean euskerearen normalizazinoa ardura garrantzitsua dala. Prozesu honek balio izan dau begiradea altzau eta arazo partikularrari urtenbide globala emoteko. Osasungintzea gizartearen puzzlearen beste pieza bat da, eta beharrezkoa da puzzle hori ondo buztartzea.
Bost hileko prozesuaren amaierea izango da 19ko agerraldia, baina, batez be, ziklo barri baten hasikeratzat jo dabe. Adostasun sozial orokorrak irudikatuko doguz bagilaren 19an, baina, ondoren, eremuz eremu, jakin beharko dogu norabidetze orokor horreek geure ildoan ezarten, lanketa berezien bidez, ohartarazo dau Larrartek.
Paul Bilbaok Donostiako agerraldiaren garrantzia azpimarratu dau, alkartuta lortuko dabelako hizkuntza politiketan aurrera egitea, eta lehen saltoa Kursaalen egingo dogu. Herritar guztiei dei egin deutse ekimenagaz bat egiteko. Agerraldian parte hartu nahi dauenak izena emon beharko dau aurretik gonbidapenak@kontseilua.eus helbide elektronikora idatzita, edukiera arauak ondo beteteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!