Gasteizen euskerea bultzatzen lagunduko deutso Euskaltzaindiak Udalari

Bizkaie! 2021-06-08 08:15   Euskerea berbagai

Arratzua III ikerlana be aurkeztu dabe erakunde biek.

Roberto Gonzalez de Viñaspre, Elena Martinez de Madina eta Iñaki Gurtubai (argazkia: Gasteizko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskaltzaindiaren eta Gasteizko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena aurkeztu dabe erakunde bietako ordezkariek, Arabako uriburuan egindako ekitaldian. Iñaki Gurtubai alkateordea, Roberto Gonzalez de Viñaspre euskaltzaina eta Elena Martinez de Madina ikertzailea agertu dira jentaurrean.

Hitzarmenaren arabera, Euskaltzaindiak Udalari lagunduko deutso Gasteizen euskerea bultzatzen, kultur zabalkunderako jardueren, ikastaroen eta berbaldien bidez. Horrezaz gan, euskereari lotutako gaietan aholkuak emongo deutsaz Akademiak Udalari eta honen menpeko zerbitzuei. Aurreko urteetako hitzarmenetan esaten zan legez, honetan be aitatzen da urian euskerea babestu eta jagoteko Euskaltzaindiaren konpromisoa. 

Zeregin horreek guztiak beteteko, 63.000 euro emongo deutsaz Gasteizko Udalak Euskaltzaindiari.

Garrantzi handikoa da ildo honetan lanean jarraitzea, orain arte urratutako bidean aurrera egitea, azpimarratu dau Roberto Lopez de Viñaspre euskaltzainak. Asmo berak alkartzen gaitu: euskerea dan kultura-ondarea jagotea, gasteiztar guztien zerbitzurako, atzoko, gaurko eta biharko perspektiban. Iñaki Gurtubai alkatea eskertuta agertu da, Akademiak euskerearen alde egiten dauen lanagaitik.

Toponimia aztertzen

Udalaren eta Euskaltzaindiaren arteko aspaldiko alkarlanaren emoitza esanguratsuenetako bat da Gasteizko Toponimia bildumea, uriburuaren agintepeko udalerri zabaleko leku-izenak modu zehatzean batzeko proiektu luzea. Hitzarmenaren barri emoteko ekitaldia aprobetxauta, Arratzu III ale barria aurkeztu dabe, Elena Martinez de Madina ikertzaile eta euskaltzain urgazleak egina. 

Bildumako zazpigarren liburukia da, eta Arratzuko merindadeari eskainitako hirugarrena. Merindade honen eremua nahikoa zabala danez, 21 herri ditualako, hiru liburukitan banatu zan ikerketearen emoitzea, azaldu dau Martinez de Madinak. Ale honek Ilarratza, Jungitu, Lubinau/Lubiano, Matauku, Oreitia, Uribarri Arratzua eta Zerioko toponimia dakar. 

Arratzuako atala amaituta, beraz, Gasteizko Toponimia bildumea udalerriko beste eremu batera begira jarriko da hurrengo alean. Hamar liburuki argitaratzea da asmoa, ze, kontuan izan behar da udalerria zabal-zabala dala eta leku-izen ugari dagozala batu eta aztertzeko. Gasteiz uriaz gan, beste 64 herri dagoz. 

Arratzua III liburua papelean eta CDan argitaratu dabe. Erosi nahi dauenak, hemen dau loturea. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu