Guggenheim Museoa Gernikara eta Muruetara zabaldu nahi dabe

Bizkaie! 2021-06-08 08:36   Kulturea

Artea, ekologia eta teknologia ardatz dituan eredu barria bultzatzea da asmoa.

Daliaren lantegi zaharra, Gernikan | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Guggenheim Museoak Patronatuaren urteroko batzarra egin dau, azkenaldiko datuen barri emon eta aurrera begirako plangintzak azaltzeko. Gai ugari aitatu badira be, albiste bat izan da deigarriena, museoa handitzeko proiektua martxan dagoala hain zuzen. Gernikan eta Muruetan edegiko ditu instalazinoak. Europako Next Generation funtsen laguntzinoa izango dau egitasmoak.

Eremu bi izango ditu Guggenheimek Busturialdean. Bata Gernikan, Dalia fabrikea egon zan lekuan; bestea Muruetan, ontziolen eremuan. Bien artean bide berdea eregiko dabe. Proiektuak eredu barria ekarriko dauela azaldu dabe Patronatuaren batzarrean. Bateratu egingo ditu arte-produkzinoa, ekologia, teknologia, personen arteko hartu-emonak eta ikerketea, eta bisitariei esperientzia barri bat biziteko aukerea eskainiko deutse, gaur egungo Guggenheim Museoan bizi leikienaz bestelakoa eta haren osogarria.

Busturialdeko ondare natural eta paisajistikoa errespetauko dauela agindu dau Patronatuak. Sorkuntzea bultzatzeaz eta artea erakusteaz gan, paisajearen eta obren arteko loturea sortzea da asmoa, eskualdeko jarduera ekonomikoa bultzatzeaz batera. 

Guggenheim Museoa eguneratzeko eta testuinguru barrietara egokitzeko ahaleginaren barruan ibili dira proiektu barria atontzen azken hileotan, Patronatuaren batzarrean jakitera emon dabenez. Komunikabide batzuen arabera, 127 miloe euro beharko dira Gernikako eta Muruetako handitzerako.

Urteak dakarrena

Bestelako gai batzuk be jorratu ditu Patronatuak, esate baterako, pandemiaren eragina 2021eko datuetan. Urtea hasi zanetik, 108.870 bisitari joan dira museora, 2019ko tarte berean baino % 73 gitxiago. Erakusketak ikusten joan diranen ezaugarriak be aldatu egin dira Covid-19aren ondorioz, azkenaldion bizkaitarrak izan dira gehienbat. 

Hurrengo hileetan antolatuko diran erakusketei jagokenez, Parisko Arte Modernoaren Museotik etorriko da fauvismoaren, kubismoaren eta surrealismoaren inguruko bat, eta Guggenheim Fundazinoak Jean Dubuffet artistearen obrearen berrikuspen zabala aurkeztuko dau. 

Norman Foster arkitektoaren zaletasun handienetako bat be ezagutuko dogu, ibilgailuena. Autoek arkitekturearen diseinuaren bilakaeran izan daben eragina jorratuko dau museoak, Fosterren begiradatik. Film & Video aretoan, Marie Hugonnier, Monira Al Qadiri eta Vito Acconci izango dira protagonistak.

2022an Bilboko Guggenheim Museoaren 25. urteurrena beteko dala eta, ekitaldi bereziak antolatzen hasiko dira 2021aren amaieran. Museoaren bildumako obrek hartuko ditue areto guztiak azken hiruhilekoan, lengoaia artistikoen arteko alkarrizketak sortzeko asmoz. 

Patronatuaren batzarrean, besteak beste, honeek egon dira: Iñigo Urkullu Lehendakaria, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako sailburua, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Lorea Bilbao Kultura diputadua, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Richard Armstrong New Yorkeko Guggenheim Museoko zuzendaria (modu telematikoan) eta Juan Ignacio Vidarte Bilboko Guggenheimeko zuzendaria. 

Patronatuaren batzarrean parte hartu daben agintariak (argazkia: Guggenheim Bilbao Museoa)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu