Aiko Taldeak uda ostean aurrez aurreko jantza eskoleari berrekingo deutso

Bizkaie! 2021-06-07 13:31   Kulturea

aikoeskola.eus-ek erantzun bikaina izan dau.

Pandemiaren etaparik gogorrena gainditu ondoren, Aiko-k jantza tradizionalari buruzko ezagutzak hasi edo hobetu gura dituen personen kopurua handituko dau datorren udagoienean, izan be, hamabost urte baino gehiago dira jantza tradizionala zabaltzeko ekimenak eskaintzen hasi zirala.

Aiko Taldeak udagoienean ekingo deutso barriro ikastaroari, aurrez aurreko formatuan: ordu eta erdiko klaseak astero, urritik bagilera, maila bitan (hasierea eta hobekuntzea) eta Euskal Herriko hainbat herritan. Aiko metodoan oinarritutako esperientzia da, Gozau jantzan, ikasi gozetan goiburuari eutsiz. Urteotan milaka persona erakarri ditu jota, arin-arina, mutil-jantzak eta saltoak praktiketan, mazurka, polka, habanera edo balsa ahaztu barik, izan be, jantzea gizarte-topaketa atseginerako esperientzia da.

Taldeko gainerako jarduerakaz pasau zan legez, koronabirusaren pandemiak dudan jarri eban Aiko Taldearen jarduerearen jarraipena baina taldeak bizkor erreakzionau eta jantza tradizionaleko lehen eskola digitala bultzatu eban. Gauzak holan dirala, online eskolea jarri eban martxan, Internet bidez jantzan erakusteko ekimen aitzindaria eta hileotan guztietan euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez emon da.

Aurrez aurrekoa eta online, eskaintza osoa

Zuzeneko jantza klase birtualak eta material didaktikoa sano erantzun bikainekoak izan dira, 400 matrikula baino gehiago erregistrau baititue azken ikasturtean. Eta Interneteko irakaskuntzearen baliabideari esker, Aiko-k dimensino barri bat lortu dau, izan be, matrikulazinoen erdiak Europa eta Ipar eta Hego Amerikako hogei bat herritako Euskal Etxeen bidez erregistrau dira; euskal jantza tradizionala Madrilen, Londresen, Habanan, Sao Paulon eta Argentinako dozena erdi bat uritan praktikau da, baita Kalifornia, Nevada, Utah, Idaho, Colorado, Rhode Island eta New Yorken be, hori guztia, Aiko-k eta Eusko Jaurlaritzeak sinatutako hitzarmen batek bultzatuta.

Sabin Bikandi Aikoren sortzaileetako baten berbetan, irakaskuntza telematikoaren esperientzia sano ederra izan da, jantzea, musikea, alaitasuna zein itxaropena eguneroko hitzorduak dira eta, batez be, jantzearen bidez alkarregaz jarraitzeko modu bihurtu da. Horri jagokionez momentu bereziak gogoratzen ditu: apirilaren 25 ha, Italiaren askapena gogoratzeko eguna, 'Bella Ciao' ereserkiaren gure salto, jota eta arin-arin bersinoa jantzan egin genduanekoa... Pandemia hor dagoan arren, guztion artean jantzan jarraitzeko modu barria topau dogu, baita Internet bidez ezagutzak transmitiduteko modu berri bat be.

Aikoeskola.eus webgunean aurrez aurreko klaseak babesten jarraituko dau Aiko-k. Matrikulan aurrez aurreko klaseak eta online zerbitzuak eskainiko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu