Nafarroako emakume bertsolarien ahotsak batzen dituan diskoa da ‘Gure Aldetara'
2021-06-07 07:44 BertsolaritzeaLanak euskerazko 14 kantu ditu, banaka zein taldean, ahots hutsez edota musikaz lagunduta.
Helburu nagusi bi ditu Nafarroako Bertsozale Alkarteak bultzatutako egitasmoak: batetik, Nafarroako kulturearen ondare diran bertso-sorta idatziei bultzadea emon, jaso eta ikusgarri egitea eta landutako bertsoen aldaera horrek gaur egun be lekua badauela ikusarazotea. Eta bestetik, Nafarroako emakume bertsolariei ahotsa emotea, proiektu honen bidez alkarren arteko sarea sendotzea eta emakumeek bertsolaritzan esateko dabenari bozgorailu bat eskaintzea.
Lanak euskerazko 14 kantu ditu, banaka zein taldean, ahots hutsez edota musikaz lagunduta, baina danetan bertsoa da oinarria; hori dala eta, Nafarroako emakume bertsolarien aniztasuna dau muinean, bai plazan era profesionalean, bai aldizkako parte hartzean zein bertso eskoletan jarduten daben emakumeen ahotsak batzen ditu CD honek; belaunaldi, eskualde eta ibilbide desbardinetako bertsolariak dira parte- hartzaileak.
Bertso-sorten edukiari jagokionez, gai librekoak badira be, ezin uka daiteke genero ikuspegitik eta feminismotik idatzitako bertsoak diranik. Emakumeek bertso eskoletan nahiz oholtzan dituen errealidadeek, gorputzari edo sexualidadeari buruzko ardura eta bertsolaritzeari buruzko hausnarketak be zeresan handikoak dira. Horrezaz gan, estilo ugari jaso dira: ahots hutsez bertsoaren biluztasuna erakusten dabenak, pianoa edo biolontxeloa lako instrumentuen bidez lagundutako pieza klasikoagoak, baita tradizinoa estilo garaikideagaz buztartzen daben sortak be, bertsoaren eta raparen nahasketea egiten dabenak, esaterako. Bertsoen konposizinoa be anitza da: koplak zein Argentinako payadoreen egiturak.
Era berean, bertsolaritzearen historiaren berreskurapenari keinu egin eta emakumeek izandako parte-hartzearen aurrean eskerrak emoten jakez lan honen bidez: 2020an hil zan Luzia Goñi bertsolaria, plazetan kantari ibili zan lehenengoetako emakumeetako bat. Diskoko azken kantua berak idatzitako bertso batek osotua da, Estitxu Arozenaren, Txapelketa bat lehenengoz irabazi eban emakume bertsolariaren ahotsean jarria eta, beraz, Nafarroako aniztasunaren eta historiaren isla dala esan daiteke, betibe bertsoak eta emakumeen ahotsek harilkatzen dabelarik diskoa.
Baliabide pedagogikoa
Diskoa, azken emoitza lez baino, Nafarroako emakume bertsolarien sorkuntzea ikusarazoteko eta alkarren arteko sarea sendotzeko tresnatzat hartzea aurreikusten da. Esangura horretan diseinau da zabalkunde plana bera be, salmentatik haragoko aplikazinoetan pentsatuta. Lehenengo eta behin, Hezkuntza Arautuko bertsolaritza programan eta Bertso Eskoletan lantzeko material pedagogiko lez zabaltzea da asmoa. Egun, 2.800 ikaslek jasoten dabe urtero bertsolaritza programea Nafarroako hezkuntza sarean eta 300 inguru dabiz asteroko Bertso Eskoletan (eskola orduz kanpo) bertsogintzearen edukietan trebatzen.
Horreentzako danantzako material baliogarria izan daiteke diskoa, emakume bertsolari garaikide eta bertakoen sorkuntzak, gaiak eta bestelakoak lantzeko.
Egitasmoaren aurkezpen publikoa bagilaren 11an izango da, 19:00etan Barañaingo Kultur Plazan; bertan izango dira diskoan parte hartutako bertsolarietako batzuk; egitasmoaren aurkezpenaz gan, bat-bateko bertso saioa be eskainiko jake bertaratutakoei, Alazne Untxalo eta Maddi Ane Txoperena bertsolarien eskutik.
Hortik aurrera, hainbat bertso saio eskainiko dira Nafarroako herrietan, egitasmoaren aurkezpena egiteaz gan, Nafarroako emakume bertsolariei alkarregaz kantetako aukerea emoteko helburuari eutsiz.
Fitxa Teknikoa
Bertsolariak (letra arruntez, kanteteaz gan, bertsoen egile be badiranak):
Saioa Alkaiza, Alazne Untxalo, Joana Ziganda, Amaia Lasheras, Enma Murillo, Idoia Granizo, Bittori Elizalde, Lide Arrieta, Erika Lagoma, Estitxu Fernandez, Maddi Ane Txoperena, Kristiñe Txoperena, Irati Majuelo, Haizea Beruete, Estitxu Arozena, Ekhiñe Zapiain, Uxue Mesa, Iratxe Muxika, Ane Telletxea eta Lide Igoa.
Bestelako parte-hartzaileak:
Itsaso Agirre (kantaria).
Haize Agirre (kantaria).
Jorge Cordon (pianoa).
Matxalen Erzilla (biolontxeloa).
Uhaina Apezetxe (gitarra).
Koldo Montoya (gitarra).
Jone Uriarte (gitarra).
Koordinazinoa: Irati Majuelo eta Alazne Untxalo.
Grabazinoa eta masterizazinoa: Jorge Mariñelarena Apezteguia.
Ilustratzailea eta diseinatzailea: Garazi Conde.
CD-en inprimaketea: Copysan Pamplona.
Banaketea: Nafarroako Bertsozale Alkartea.
Salmenta puntuak: Nafarroako Bertsozale Alkartea eta Karrikiri (Iruñea), Arrano Elkartea (Lesaka), eta Altxuko denda (Erratzu).
Lan honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat izan dau, Kultura eta Kirol Sailak egiten dauen Argitalpenetarako Laguntzen deialdiaren bidez emona.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!