Bagilaren 19an egingo da Arratiatik Urkiolarako errogatibea

Bizkaie! 2021-06-07 07:50   Kulturea

Aurtengo nobedadea da, Bilboko Basurtuko Beti Jai Alai taldeak Begoñako aurreskua eskainiko dauela.

Urkiolara joan, zapatak urrutu... Aita San Antoniok barriak egingo ditu… dino kopla zaharrak, eta oinetakoak urrututeko aukerea be izango dabe Arratiako oinezko errogatiban parte hartu gura dabenek.

Bagilaren 19an, zapatuan, egingo da aurten Paduako San Antonioren Urkiolako santutegira errogatibea. Tradizinoari eutsiz, San Antonio egunaren osteko zapatuan izaten da arratiarren errogatiba eguna; lehenago herri bakotxak bere errogatibea atontzen baeban be, azken urteotan, Arratiako parrokia guztiak aldi berean joaten dira Urkiolara, bailarako abadeakaz batera. Aurten, Arratiako parrokiak autobus zerbitzua ipini dau baina aurretiaz hartu behar da txartela, bagilaren 13an dala azken eguna, 5 eurotan.

Oinez Dimatik, Igorretik eta Zeanuritik

Aurten be Arratiatik Urkiolara joateko oinezko ibilaldi gidatuak izango dira Dimatik, Igorretik eta Zeanuritik. Dimako plazan goizeko 07:00ean izango da urteerea; Igorren be ordu berean urtengo dabe San Antonioren ermitatik eta Zeanurin San Antonio txikerraren (plaza ondoan) ermitearen aurretik, 07:30ean. Beti talde txikietan, seguridade neurri guztiak zorrotzei erreparauta.

Zeanuri eta Urkiola lotzen dituan ibilbidea orain dala urte batzuk seinalizau eben PR-BI 1 moduan; Joko Alaiko Alkarteko boluntario talde batek seinalizau eban Zeanuriko Udalaren laguntzeagaz eta errogatiba eguna bide hori erakusteko eta ezagutzera emoteko aprobetxauko da. PR-a Zeanuriko plazatik abiatzen da, Soloeta eta Makaztui auzuneetatik igaroz, Zumeltzako deskantsu lekura zuzentzeko eta hortik santutegira dagozan 5,5 kilometroak egiten dira, GR 12 (Euskal Herriko bidezidorra) ibilbide luzea jarraituz. Martxea normalean, hiru ordu eta hamabost minutuan egin daiteken ibilbidea da.

Coronavirusaren gaia mezatan

Antolaketeagaz arduratzen dan parrokia, Arantzazukoa da eta aurtengo errogatibearen lemea Pandemian be... Danok neba-arreba izenburukoa da. Arratiako abadeak izango dira mezaburu. Goizeko 11:00etan hasiko da eleizkizuna.

Egitarauari jagokonez, aurten ondo etorriko prozesinorik ez da egingo, arriskuei aurre egiteko eta Santutegiaren barruan 150 lagun sartuko da gehien jota. Besteak kanpotik entzun beharko dabe mezea.

Meza Nagusia izango dogu Jainkoari eskerrak emoteko Izurrite honetan geure ondo-ondoan izan dogulako (erizainen, garbitzaileen, garraiolarien, kobratzaileen eta, batez be, ume txikiak dituen amen, zerbitzuetan).

Bigarrenez: aldi honetan joandako guztien eta euren etxeko nahibakotuen alde errezauko dogu.

Eta, azkenik, aurrera begira, senidetasun unibersalaren beharra azpimarkatuko da, Frantzisko aita santuaren Fratelli Tutti entziklikearen mezuari erreparauta.

Begoñako aurreskua Urkiolan

Aurtengo nobedadea izango da, Bilboko Basurtuko Beti Jai Alai taldeak Begoñako aurreskua eskainiko deutsola Jainkoari mezatan, Antonio Santuen bitartez. Lehen aldia da talde honetako jantzari eta musikariak, mezatan Begoñatik kanpo jantza hau eskaintzen dabela eta non eta Urkiolan baino leku hoberik? Jantzearen aurretik, Arratiako herrien ordezkariak, herri bakotxeko ezaugarri bana eta entziklikatik ataratako esaldi bana eskainiko ditue.

Hiru erosketa txartel zozketan

Santutegiko aforoa errespetetako, 150 lagun gehien jota, sarreran txartel zenbakidun bana emongo jake aforoa bete arte, errogatiba egunean Urkiolara doazenei. Zulaibar Arratiako lanbide ikastegiaren eskutik, hiru txartel saridunak izango dira: Arratiako merkatarien alkarteko edozein dendatan 50 euroko produkto edo zerbitzu erosteko saria!

Mezearen amaieran egingo da zozketea, talde argazkia egin ostean Santutegi aurreko eskilaratan, eta hiru irabazleak hilebeteko epea izango dabe txartelon balioa erabilteko.

Arratiako herrietara itzultzeko autobusak 13:00etan urtengo dabe santutegitik.

Informazino gehiago hemen.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu