Ikerbasqueren autortzea Miren Cajaraville, Malu Martínez-Chantar eta Paola Ferrariori

Bizkaie! 2021-06-04 12:55   Pil-pilean

Euskal emakume ikertzaileen lana gizarteratzea da asmoa.

Miren Cajaraville, Malu Martínez-Chantar eta Paola Ferrario (argazkia: Ikerbasque) | Ikusi handiago | Argazki originala

Ikerbasquek eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bigarrenez egingo deutse autortzea emakume ikertzaileei. 2021eko hiru irabazleak aukeratu ditu dagoeneko Ikerbasqueko Ebaluazino Batzordeak, kasu guztietan aho batez: Miren Cajaraville (Advanced kategorian), Malu Martínez-Chantar (Consolidator) eta Paola Ferrario (Starting). 

Saria baino, autortzea dala dino Ikerbasquek, helburu zehatz bategaz: Euskal Autonomia Erkidegoan beharrean dabizan emakume ikertzaileen lana ikusgai egitea, merezitako errekonozimendua izan deien. Ganera, aukeratutako hiru emakumeak belaunaldi barrien inspirazino izatea espero dau Ikerbasquek. 

330 ikertzaileren merituak eta ekarpen zientifikoa aztertu ditu Ikerbasqueren Ebaluazino Batzordeak 2021eko irabazleak aukeratzeko orduan. Erispide bibliometrikoetan oinarrituta, 18 heldu dira azken fasera, eta hortik aukeratu ditue hiru kategorietako irabazleak.  

Hiru irabazleen ezaugarrietan orekea bilatzen ahalegindu dira, jakintzeari zein azpisistema zientifikoari jagokenez. Euren ibilbidearen zein etapatan dagozan be kontuan izan dau Ebaluazino Batzordeak, sariak horren arabera bereizten diralako:

- Miren Cajaraville, Advanced: Donostian 1964an jaioa, Biologia Zelularrean katedraduna EHUn, eta Plentziako Itsas Estazinoko ikerlaria da gaur egun. Itsasoko ekosistemetako zelulen biologian eta ingurumen toxikologian dauen ibilbide bikaina nabarmendu dau Ebaluazino Batzordeak, baita euskal zientzia nazinoartekotzeko egin dauen ahalegina be.

- Malu Martínez-Chantar, Consolidator: Jaiotzez madrildarra, hango unibersidadean Biokimikan eta Biologia Molekularrean doktorea da. CIC-Bioguneko ikertzailea be bada. Gibeleko gaixotasunak dira bere espezialidadea, eta, Ebaluazino Batzordearen esanetan, nazinoarteko programa esanguratsuetan egin dauen ibilbideari esker, gibeleko gaixotasunagaz lotuta dagozan alterazinoak hobeto ulertzen doguz gaur egun.

- Paola Ferrario (Starting): Donostiako DIPC-n ikertzaile dabil Milanen jaiotako fisikari hau, alor horretako doktorea izateaz gan. Neutrinoen fisikea eta irudi medikorako dituan aplikazino esperimentalak aztertzen ditu. Zientzialari gaztea izan arren, medikuntzako tresnak hobetzeko ekarpenak egin dituala azpimarratu dau Ebaluazino Batzordeak.

Ikerbasquek ekitaldi publiko baten egingo deutse errekonozimendua hiru ikertzaileoi, 2021eko udagoienean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu