Bultza euskaltegiak!-Bultza euskerea! dinamikearen azken pausuak

Bizkaie! 2021-06-04 12:39   Euskerea berbagai

AEK-k gutuna bialdu deutse Euskal Herriko administrazino nagusiei.

Orain 50 urte Rikardo Arregik idatzitako gutuna gogoan (Urtarrilean bete ziran 55 urte Rikardo Arregik gutun garrantzitsu bat —1966ko ilbeltz haretan— bialdu eutsola Euskaltzaindiari; idazki hori, mende erditik gorako euskalduntze-mobimentuaren ernamuina zan; ibilbide luzeko jarduna izan da eta bada eta, poztasunez, esan behar dogu ondorio emonkorrak sortu dituala) AEK-k eskutitza helarazo deutse, datozen urteetan euskalduntze mobimentua sendotzeko jorratu beharreko arloak zein diran adierazoteko; era berean, hitzordu bana eskatu deutse, gogoetak konpartiduteko.

Dinamikea zezeilaren erdialdean jarri eben martxan, hainbat ardatz zitualarik, aurten be euskalduntze-mobimentuaren garrantzia plazaratzeko.

Martiaren 28an, Euskal Herriko 90 bat herritan ekitaldiak atondu ondoren, agintari politikoakana joteko momentua da orain. Argi dago oraindino lan handia dagoala egiteko; beraz, euskaltegi guztiak dira beharrezkoak, baldin eta jendarte euskalduna ames badogu. Horretarako, euskaltegi sendoak behar
dira, Euskal Herri osoko herritarrei euskerea ikasteko aukerea emoteko baldintza egoki guztiez horniduta eta helburu hori betetako EAEko, Nafarroako eta Ipar EHko administrazinoek bultzada estrategikoa emon behar deutse arloari.

Bide horretan, AEK-k nabarmendu dau EAEko Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak oraintsu Herri Ekimeneko Euskaltegi Sarearen finantziazinoa egonkortzeko emondako pausua, baliogarria izango da-eta hurrengo urteetan sektorea indarbarritzeko.

Hemendik aurrera, AEK-k abiapuntuko proposamena konpartiduko dau administrazino publiko danakaz: Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila eta HABE, Nafarroako Gobernuaren Herritarrakazko eta Erakundeakazko Hartu-emonetarako Saila eta Euskarabidea eta Euskerearen Erakunde Publikoa; AEKren ustez, momentua da Helduen Euskalduntzea benetan normalizetako eta langintza horretan nahitaezko diran beste zenbait esparrutan be eragiteko. AEK Euskal Herri osoan dabil eta, hortik abiatuta, lanketa bateratu baten beharra aldarrikatzen dau; era berean, lurralde bakotxeko administrazino(ar)en errealidadea aintzat hartuta, orain arte egindakoak tartean, berariazko lanketea egin nahi dau administrazino bakotxagaz.

Bilera eta barriketaldiak amaituta, AEK-k horreen balorazinoa egingo dau, ahalik eta azkarren euskalduntze-mobimentuak zelako baldintzak izan behar dituen lau haizeetara zabalduta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu