Munduko 200 unibersidade onenen artean sartu da EHU, sei disziplinatan

Bizkaie! 2021-06-04 11:17   Pil-pilean

Shanghaiko Rankingak 500 unibersidade onenen zerrendea gaurkotu dau.

Laborategiko praktikak Farmazia Fakultadean (Argazkia: Nuria González, EHU) | Ikusi handiago | Argazki originala

Mundu osoko unibersidadeen kalidadea eta lehiakortasuna neurtzeko orduan, sistema ospetusenetako bat da Shanghaiko Rankinga dalakoa, Txinako uri horretako Jiao Tong unibersidadeak argitaratzen dauena. Azkenaldiko barrikuntzak kontuan hartuta, zerrenda hori gaurkotu egin dabe, eta EHUk emoitza positiboak izan ditu jakintza-arlo batzuetan. Zehatz esanda, sei disziplinatan munduko 200 unibersidade onenen moltsoan sartu dabe.

Sei horreetatik nabarmenenak Injinerutza Metalurgikoa, Injinerutza Kimikoa eta Kimikea dira, 150 onenetan dagozalako. 150 eta 200. postuen artean dagoz beste hirurak: Elikagaien Zientzia eta Teknologia; Materialen Zientzia eta Injinerutzea; eta Nanozientzia eta Nanoteknologia.

Horreek dira emoitza aitagarrienak, baina beste jakintza batzuk be rankingean sartu dira. 500 onenen zerrendan, danetara, EHUren 24 disziplina dagoz. 

Rankinga ulertzeko, esan behar da zerrendako lehenengo ehun sailkatuak hurrenkeraz emoten dituela, baina hortik behera moltsoka baino ez dira agiri. 101etik 150erko eta 151tik 200erako sailkatuak dagoz, eta hurrengoak ehuneko taldeetan datoz (201-300, 301-400 eta 401-500).

Eva Ferreira EHUko errektorea pozik agertu da Shanghaiko Rankingean lortutako postuakaz: Gurea unibersidade sendo bat dala erakusten dabe, oinarri zientifiko irmo eta dinamismo handiduna. Unibersidadeko kide guztien ahalegina txalotu dau Ferreirak, egiten dan ikerketearen kalidadeari eusteko, edo hobetzeko, bidea dalako.

Shanghaiko Rankingak munduko unibersidaderik onenen artean 500 aukeratzen ditu, goi mailako 1.500 zentrotako moltso batetik. Azken sailkapenok egin aurretik, 20.000 unibersidade eta zentrotako datuak erabilten ditue esku artean. EHU 2012an agertu zan lehenengo aldiz 500eko zerrendan, eta, urterik urtera, emoitzea hobetzen joan da. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu